Euskal kondairak ezagutuko dituzte udalekuetan
Umeentzako udalekuak antolatu ditu Gautegiz Arteagako Udalak, eta ekainaren 24tik uztailaren 19ra bitarteko egunak zehaztu dituzte horrretarako. Ekainaren 7ra arteko epea dute izena emateko.
Aurten ere, umeentzako udalekuak antolatu ditu Gautegiz Arteagako Udalak, eta ekainaren 24tik uztailaren 19ra bitarteko egunak zehaztu dituzte hiru eta hamar urte bitarteko umeei zuzendutako udalekuetarako. Hori bai, bertan egon gura dutenek ekainaren 7ra arteko epea dute izena emateko.
Horretarako, izena emateko orria eskuragarri dago webgunean eta kultur etxean, baina, horrez gain, online ere izena eman daitekeela esan dute, kulturetxea@gautegizarteaga.eus helbide elektronikora eskabidea bidalita. Informazio gehiago behar izanez gero, 94 627 15 63 telefonora deitzeko deia egin dute. Gainera, esan dute erroldatutako umeek lehentasuna izango dutela, ze plazak mugatuak izango dira.
Euskal kondairak landuko dituzte aurten, dibertimendu eta jolas artean murgiltzeko oinarri izango baitituzte horiek.
Hain zuzen ere, udalekuak umeentzako aisialdiaren eta familientzako lasaitasunaren konbinazio “bikaina” direla diote udal arduradunek, gurasoen lanaldia eta seme-alaben eskola oporrak uztartzen dituztelako. “Udalekuek aisialdi didaktikoa, giro euskalduna eta umeek asko gozatzen duten ingurune segurua eskaintzen dute”, azaldu du Patrik Saitua Gautegiz Arteagako alkateak.
Kultur etxea izango da topagunea, baina txangoak ere egingo dituzte udalerriko hainbat txokotara. Horrela, euren udalerria ezagutu eta baloratzea bilatuko dute: “Polita da umeak elkarregaz ikustea. Gainera, badakigu gurasoentzako kontziliazioan laguntzeko zerbitzu garrantzitsua dela, familien ongizatean laguntzen duen zerbitzua, alegia”.
Lau aste irauten dute udalekuek, eta parte hartzen dutenek bi aukera dituzte: aste guztietan parte hartzea edota lehenengo txandan (ekainaren 24tik uztailaren 5era) edo bigarrenean (uztailaren 8tik 19ra) aritzea. 10:00etatik 14:00era arteko ordutegian egingo dituzte udalekuak, baina zehaztu dute, behar dutenek, 09:30etik aurrera bertaratzeko aukera izango dutela.
Udalekuek 60 euroko kostua dute txanda bakoitzeko, baina bigarren seme-alabaren izen emateak 40 euroko prezioa izango du txandako, eta hirugarrenak, 20 eurokoa.