"Arrakastatsua" izan da 30. Arrain Azoka
Bermeo jendez beteta egon da asteburuan, eta bizitako giro "osasuntsua" azpimarratu dute arduradunek.
Beste behin ere, “helburuak bete” ditu Arrain Azokak, eta lehenengo balorazio arina eginda, azoka “positiboa” izan dela adierazi du Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkate eta Arrain Azoka Elkarteko presidenteak. Eguraldia kontutan izanda egin dute lehen balorazioa, izan ere, horrek eragina izan ohi du jendearen erantzunean: “Eguraldiak eragina izan du aurten, ze hiru egunak jendetsuak izan badira ere, zapatu goiza izan zen jendetsuena”.
Hala ere, udalerria jendez beteta egon da asteburu osoan, eta bizitako giroa “osasuntsua” izan dela azpimarratu du alkateak: “Herritar eta bisitari guztien jarrera eskertu gurako nuke, horiei esker jaio giro polita bizi izan dugulako”.
Azokan parte hartu duten enpresak zein parte hartzaileak “oso pozik” agertu dira lortutako emaitzekin, baina, hala ere, balorazio sakonagoa egiteko batu behar direla aitatu dute: “Aurten ere argi gelditu da Bermeoko Arrain Azoka itsas kulturaren erakusleiho garrantzitsua dela”. Hain zuzen ere, azokaren inaugurazio ekitaldian izandako parte hartze “handia” nabarmendu du alkateak. “Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta udal zein beste erakunde batzuetako ordezkari asko eta asko izan genituen gure artean, guretzat garrantzitsua den Arrain Azokaz gozatzen. Ohorea da, eskerrik asko guztiei”, adierazi du.
Programa zabala eskaini du Arrain Azokak oraingoan ere, eta ekimen gehienak “arrakastatsuak” izan direla azpimarratu dute, horietako hiru nabarmenduz: Lamerako karpan egindako Biotza Arostegi eta Unai Urrestiren gastronomia saioak, Urdaibaiko Esentzien uztartze dastaketak eta Juan Antonio Apraiz Koiote bermeotarraren hitzaldia. “Oso baloratuak” izan direla ondorioztatu dute.
Elkartasun guneak jasotako babesa ere nabarmena izan dela dio alkateak. Aurten Kofradia Zaharretik Lamerara lekualdatu da, eta uste dute hartutako erabakia “oso ona” izan dela: “Asko izan dira elkartasun gunera atun errea eta marmitakoa jatera hurbildu direnak. Eguerdia azoka ingurua jendez beteta egotea ekarri du”. Hala ere, balorazio sakonagoa egin behar dutela diote, datorren urtera begira ahulguneak eta indarguneak ondo zehazteko. Horrez gain, elkartasun guenan egondako bolunatioen lan “izugarria” aitortu dute, “horiek barik ez zelako posiblea izango”.
Hala, Arrain Azokan parte hartu duten pertsona, talde, enpresa, langile eta boluntario guztiei zein euren ekarpenak isilean egiten dituztenei eskerrak eman dizkie alkateak, “Arrain Azoka arrakastatsua bada, euren laguntzari esker delako”.