Busturiak eta Hradistkok senidetze hitzarmena sendotu dute
Senidetze hitzarmena sendotu dute aurten Busturiak eta Txekiar Errepublikako Hradistko herriak. Lankidetza proiektuen garapena sustatzeko senidetze batzorde bat sortuko dute.
Memoria historikoak elkartu ditu Busturia eta Txekiar Errepublikako Hradistko herria, eta bi udalerrien arteko senidetze hitzarmena sendotu dute aurten. Izan ere, Busturiko Udaleko ordezkaritza bat —Aitor Aretxaga alkatea, buru—, herriko memoria historikoaren ikertzaileen taldeko ordezkariekin batera, Hradistko herrira joan dira, bi udalerrien arteko senidetzea zigilatzeko. Alkateagaz batera, Idoia Etxebarria eta Nekane Renteria zinegotziak egon dira bertan, baita Hradistko kontzentrazio esparruko biktimen ondorengoak diren Anton Gandarias (Anjel Lekuonaren loba) eta Antonio Medina ere, eta, ez da falta izan Busturiko memoria historikoaren ikertzaile taldeko Unai Eguia.
1945ean Hradistko herriko kontzentrazio esparru nazian fusilatutako Anjel Lekuona busturiarraren memoria berreskuratzeak elkartu ditu bi udalerriak. Bakea eta aurrera egiteko espirituak bultzatuta, bi herriek hartu dute senidetze-hitzarmena garapena bultzatzeko eta ongizatea bermatzeko aukera modura, baita herrialde desberdinetako herrien artean gobernu ona lortzeko konpromisoaren adibide modura ere. “Sinadura hori bi herrien garapena eta ongizatea bultzatzeko lankidetza eta lan harreman bateratu baten hasiera baino ez da”, esan du Busturiko alkateak.
Izan ere, Hradistko herrian sinatu dute senidetze akordioa, Bigarren Mundu Gerraren amaiera ospatzeko egin duten ekitaldi instituzionalean, askatasunaren alde eta ideologia naziaren biktimen alde borrokatu zirenen ausardiaren oroimenez. Ekitaldian hainbat herrialdetako ordezkari instituzionalek pate hartu dute, esaterako, Amerikako Estatu Batuetako, Frantziako, Belgikako edota Espainiako ordezkariek. Testuinguru horretan, bi udalerriak konpromisoa hartu dute bi herrien “aurrerapena, garapena eta ongizatea” sustatuko duten adiskidetasun harremanak izateko, “lankidetza ekonomiko, sozial, turistiko edo kulturalen bidez”. Hala ere, bi udalerriak lotzen dituzten gertaera historikoei buruzko kontzientziari eustea dute helburu nagusitzat.
Horrela, lankidetza proiektuen garapena sustatzeko lan egingo dute, eta denen intereseko proiektuak babestuko dituzte. Hori aurrera eroateko, senidetze batzorde bat sortuko dute, bi udalerrietako ordezkariek osatuta egongo dena.
Aretxagak “bidaia hunkigarria bezain garrantzitsua” izan dela esan du, bai Busturiarentzat, bai Hradistkorentzat. “Herri bien arteko senidetzea, konturatu barik, Anjel Lekuona busturiarra 1945ean Txekiar Errepublikako kontzentrazio esparruan fusilatu zutenean hasi zen. Gertaera tragiko hori berreskuratu egin dugu, gerrako biktimen duintasuna lehengoratzeko bi herrietako pertsonen gogoari eta lanari esker”. Pertsona horietako batzuk bidaia horretan parte hartu dutela nabarmendu du.
“Radka Svobodova alkateari eta agintari guztiei eskerrak eman gura dizkiet, eman diguten harreragatik. Etxean bezala sentiarazi gaituzte”, adierazi du Aretxegak. Gainera, jakinarazi du, abuztuan bueltako bisita hartuko dutela Busturian: “Esperi dugu Hradistko herriaren partetik jaso dugun maitasun eta gertutasun bera eskaini ahal izatea”.
Datorren urtera begira, gainera, maiatzaren 8rako —Bigarren Mundu Gerraren amaieraren 80. urteurrena da— gonbidapena jaso du Busturiko Udalak; gerra garaian Hradistkon hil zirenen izenak batzen ari dira egun horretarako, izan ere, horien omenezko oroitarria inauguratuko dute orduan.
Anjel Lekuona busturiarrak lotzen ditu Busturia eta Hradistko. 1945eko apirilaren 10ean fusilatu zuten Lekuona Hradistko kontzentrazio esparruan preso zegoela.
Berre errautsak Pragako hilerriko memorialean gorde zituzten, hildako beste preso batzuekin batera, errausketa labeko arduradunari esker. Ze, hark, naziei desobeditu eta errautsak banakako, zenbatutako eta dokumentatutako errauts kutxatiletan gorde zituen. Eta Busturiko ordezkaritzak, Pragako errausketa labea bisitatzeko aukera izan du Hradistkora egindako bisitan.