Bidegorrian argiteria publikoa jarri du Muruetako Udalak
Kamiñoko-Larrondo eta Abrasolo-Flores tarteetan 32 farola instalatu dituzte, "mugikortasun eta irrisgarritasun segurua" eskaintzeko helburuagaz.
Muruetako Udalak herritik igarotzen den bidegorriaren Kamiñoko-Larrondo eta Abrasolo-Flores tarteetan argiteria publikoa ezartzeko lanak amaitu ditu. Proiektuaren helburua argiztapenari jarraipena eman eta bidegorriari balioa ematea izan da. Lanak Bizkaiko Foru Aldundiagaz sinatutako hitzarmen baten bidez gauzatu da.
Udalak mugikortasun iraunkorraren, irrisgarritasunaren eta bide-segurtasunaren aldeko apustua egin du, Julen Karrion Muruetako alkateak adierazi duenez: “Ziur gaude ingurumena errespetatzen duen eta energetikoki eraginkorra den argiztapen bat instalatzeak segurtasuna hobetuko duela, eta are gehiago handituko duela argi orduetan asko erabiltzen den ibilbide horren erabilera”. Udalaren lehentasuna “mugikortasun eta irrisgarritasun seguruak” eskaintzea da, horregatik aldundiagaz batera egin dute lan “oinezkoen eta bizikleten azpiegiturak” hobetzeko.
Muruetatik igarotzen den bidegorria 3,5 kilometroko ibilbidea da, oinezko zein txirrindulariek “asko” erabiltzen dutena. Hala ere, Karrionen esanetan, argiztapen faltagatik, argi gutxiagoko garaietan ezin zen erabili. Egoera horren aurrean, udalak energiaren aldetik “eraginkorra” den argitazpen-proiektua gauzatu du: kontsumo txikiko LED teknologiako 32 farola instalatu dituzte, Kamiñoko eta Larrondo artean hamalau kale-argi jarri dituzte, eta Abrasolo bidearen irteeratik Lore Etxeraino, hamazortzi. Azaldu dutenez, farolen eredua herrian dagoenaren antzekoa da, “LED teknologiagaz, eragikortasun energetiko handiagoagaz eta goranzko emisioa ezabatzen duen diseinuagaz, argi-kutsadura gutxitzeko helburuagaz. Proiektuaren aurrekontua 131.348,66 eurokoa izan da, baina horren zati handi bat — 118.301,43 euro — aldundiak finantzatu du.
Karrionen ustez, azpiegitura horri esker Muruetako zein eskualde osoko erabiltzaileak auto gabe mugitu ahal izango dira: “Proiektuak udal dimentsioa gainditzen du, eskualde dimentsioko azpiegitura baita”. Izan ere, bidegorriak Gernika-Lumo, Forua eta Murueta zeharkatzen ditu, Busturitik Sukarrietara errege-bide zaharretik doa, eta Mundakan berriro herrigunetik agertuz, Bermeora iriste n da.