Bego Gangoiti: "Azoka bizia da Arrain Azoka, egoera ezberdinetara moldatzen jakin duena"
Bego Gangoitik jasoko du Hegaluze Saria gaur, Arrain Azokaren inaugurazio ekitaldian. Azoka antolatzen aritu diren eta ari diren guztien izenean jasoko duen saria dela dio.
Arrain Azokaren 30. aldian, azokaren sustraietara bidaiatuko dute bermeotarrek, eta azoka proiektuaren sortzailea den Bego Gangoitiren lana aitortuko dute 27. Hegaluze Sariagaz. 1994an egin zen lehenengo azoka Bermeon, bi urterik behin egiteko asmoz, baina erreferentziazko elkargune bihurtu da, “garai berrietara egokitzen jakin duelako”, Gangoitiren berbetan. Hiru hamarkadako bidean “gorabehera” asko egon diren arren, sarituak nabarmendu du ez dela falta izan lan egiteko gogoa.
Herritarrek ematen duten Hegaluze Saria jasoko duzu. Ilusioz hartu duzu albistea?
Oso pozik nago sariagaz, zelan ez. Bermeotarra naiz eta ilusioz hartuko dut saria, baina, antolakuntzan nagoenez, niretzako arraroa da antolakuntzan egotea eta saria jasotzea. Hala ere, saria nire izenean egon arren, harago ere begiratu behar dela uste dut, azken urteetako antolakuntzaren lanari erreparatu behar zaiolako. Izan ere, nire saila arduratu da antolakuntzaz, eta lankide guztiekin egindako lan hori saritzen dela uste dut. Ni naiz azokaren idea sortzailea, baina horrelako ekintzak aurrera eroan ahal izateko, ezinbestekoa da lantaldea. Beraz, uste dut azokan lan egiten dugun guztion saria dela hau.
Ikusezina den lanaren aitortza da, beraz?
Arrain Azoka 30 urtez mantendu bada, eta horren garrantzitsua bihurtu bada, horren herrikoia… hori atzeko aldean lanean egon den jende askoren beharrari esker izan da. Azoka sustatzeko dagoen batzordeaz gain, beste hainbeste entitate daude azoka prestatzeko lanean. Kultur eta kirol taldeek ere egitaraua osatzen dute, eta sekulako bolondres taldea ere badago, lan handia egiten duena. Udaleko lankideek ere prestutasun handia dute. Hainbat eta hainbat pertsona daude azokagaz konprometituta, eta hori da Arrain Azokaren arrakasta.
Zergatik da horren garrantzitsua Arrain Azoka? Zeintzuk dira horren indarguneak?
30 urte hauek perspektiba ematen digute, eta momentura egokitzen jakin duen azoka da gurea. Ez da jaio zen gorputz beragaz mantendu, ez. Egokitzen joan da, urte eta behar desberdinetara. Azoka bizia da Arrain Azoka, egoera ezberdinetara moldatzen jakin duena. Pandemiaren urtean moldatu genuen gehien, aurreikusten ez zen azoka birtuala sortu genuelako. Urte horretan, salmententzako online atala garatu genuen, eta horrela mantentzen dugu oraindik. Beraz, esan genezake hori dela azokaren aberastasuna: mugatua ez izatea. Partaide desberdinek, proposamen desberdinek sortzen dute, eta hori da garrantzitsua.
Baina, zelakoa izan zen hasiera? Zelan jaio zen azokaren proiektua?
1992an kokatu behar gara hori ulertzeko. Urte horretan, Espainia Europar Batasunean sartu zen, eta horrek arrantza sektorearen berrantolaketa oso gogorra ekarri zuen; kontserba lantegiak herritik atera behar izan ziren, eta Bermeon ez zegoen arrain sektorerako belaunaldi aldaketarik. Hala, ezjakintasuna zen nagusi. Ezagutzen genuen Bermeo eta ezagutzen genuen portua aldatzera zihoazen, eta, birmoldaketa horretan, alturako arrantzak baxurakoak baino garrantzi handiagoa hartu zuen. Eta ni, uda garai hartan, Turismo Bulegoan ari nintzen lanean, eta nire arloko zinegotzia zen Benito Ibarrolazak hegaluzeari buruzko zerbait antolatzeko edo pentsatzeko proposamena egin zidan, “azokaren bat edo”. Baina masterra egiteko Bruselara joan nintzen, eta herri grisa eta aspergarria zenez, zelako Arrain Azoka egin genezakeen pentsatu nuen. Bueltan, berriro hasi nintzen Turismo Bulegoan lanean, eta orduan alkate zen Juan Carlos Goienetxeari aurkeztu nion proiektua. Beti eskertuko diot nigan jarritako konfiantza, ze azoka egitea proposatu zion sektoreari. Sektoreko kideek ere ilusioz beteta hartu zuten proiektua, momentu gogorra zelako eurentzako. Hala, Arrain Azokak balio izan zuen sektore horretako kide guzti horiek batzeko, euren topagune izateko eta elkar hobeto ezagutzeko. Hori izan zen lehenengo lorpen handia: sektoreak non kokatu eta non elkartu izatea.
Gerora, arrantza sektoreari merezi duen balioa emateko ere baliagarria izan da azoka.
Bai, ze, normalean, ez diegu behar duten balioa ematen ez arrantzaleen lanari, ez kontserberetan egiten denari. Eta jakin egin behar dugu Bermeon egiten den ia-ia guztia artisau lana dela. Eta hori oso garrantzitsua da, ze langileek lan bikaina egiten dute, eta horrek kostu bat dauka. Gure produktuak tokiko produktuak dira, oso kalitate onekoak. Azokak hori plazaratu gura izan du beti, baita tokiko hori kontsumitzaileen eskura jarri ere.
Hasieran, azoka bi urterik behin egitekoak zineten, baina urtero egitea erabaki zenuten. Zergatik?
Aurreikuspena azoka bi urterik behin egitea zen, urtero egitea larregizkoa zela pentsatuta, Baina, azokaren inguruan ilusioa eta konfiantza nagusitu zirenez, urtero egitea erabaki genuen. Azoka sanjuanetan egiten hasi ginen, baina maiatzera aldatu genuen, arrantzaleak atunaren bila atera aurretik portua bete gura genuelako. Baina beno, aurten, dagoneko atera dira batzuk.
30 urte igaro dira azokaren hasiera urte haretatik. Azokaren garapena espero zenuena izan da?
Azokaren bilakaera egoeraren araberakoa izan da. Duela 30 urte ez nuen pentsatzen horrelako azoka izango genuenik, baina duela 20 edo 10 urte ere ez. Eta 30 urte barru zelako azoka izango dugun ere ez dakigu. Bizi luzea ematen diot azokari, betiere momentu bakoitzera eta beharrizan desberdinetara egokitzeko gaitasuna izaten segitzen badu. Ze, horregaitik gaude 30. aldian, beti saiatu garelako zerbait berria lantzen. Urte batzuetan, jasangarritasunari buruzko kontzientzia pizten ahalegindu gara, azokako eskaintza guztia horretara bideratzen, eta arlo gastronomikora egin dugu salto azken urteetan, kontsumoaren arlora. Horrek zer esan gura du? Jasangarritasuna ahaztuta daukagula? Ez. Barneratuta daukagu, bai enpresetan, bai azokaren antolakuntzan, bai herrian. Eta baliteke noizbait bertara bueltatzea, baina momentu honetan kontsumoan begirada jartzea tokatzen da.
Hain zuzen ere, sustraietara jotzearen helburuari segituz, hegaluzea era tradizionalean lantzean jarri duzue begirada aurten.
Bai, ze, gero eta alferragoak gara kozinatzeko orduan. Itsasoak ematen diguna prestatzea zaila dela uste dugu, baina ez da horrela. Zaila da kontrolatzen ez dugun sukaldaritza mota hori egitea; baina bizi guztiko sukaldaritza, gurasoek etxean egin dutena egitea ez da horren zaila, eta osasungarria da oso. Gure ere bada. Ondo dago beste lekuetan zer egiten duten ezagutzea, baina gurea da onena. Aurten gurea den hori aldarrikatu gura dugu, eta hori egiten ikasteko aukera desberdinak egongo dira aurten.
Zergatik da horren garrantzitsua asteburuan jendea Bermeora gerturatzea?
Azoka batera joatea tokiko enpresa eta eragileei laguntzea da, tokiko ekonomiagaz kontzientziatuta egotea, baina baita ekoizleen eta bezeroen arteko hartu-emana sustatzea ere. Ekoizleek jendearen berotasuna sentitzeko aukera ere bada Arrain Azoka, horren errazak ez diren beharrak aurrera eroateko indarra ematen dutelako. Ze, tokiko ekoizleak izatea, gizarte osoarentzat ona da, lanpostuak sortzen direlako, osasunarentzako hobea delako… Aberastasun orokorra lortzen da. Gainera, bermeotarrak oso alaiak gara. Azokan edukiko dugu aukera erosteko, zer dagoen ikusteko, edo egitarauagaz ondo pasatzeko. Gozatzeko asteburua izango da, betiere gure ekonomiari eta gure herrikideei laguntasuna adieraztea oinarri hartuta.