Antzezleen ofizioan murgildu dira ikasleak
Umeak gizarteratzeko bidea jorratzen duen, euskararen erabilpena areagotzea bilatzen duen eta ahozkotasuna lantzea helburu dituen Eskolarteko Antzerki Astean murgilduta daude Gernika-Lumoko ikasleak. Astelehenean (maiatzak 13) hasita, eta bihar (maiatzak 16) arte, inguruko zazpi ikastetxeetako ikasleak Lizeo Antzokiko oholtzara igotzen ari dira, antzerki astearen 34. aldian. Urteroko jarduera da, ikastetxeetan ikasitakoak ikusarazteko unea.
Barrutia ikastetxeko Haur Hezkuntzako lau eta bost urteko ikasleak izan ziren antzerkia astea abiatu zutenak, Charles Perraulten Sagutxo Kaskarin ipuin klasikoaren moldaketa taularatuta. Euren ostean, Mertzede Ikastetxeko DBH 1 eta DBH 3 bitarteko ikasleek Alizia, lurralde miresgarrian antzerkia erakutsi zuten. Atzo (maiatzak 14), San Fidel Ikastolakoen eta Allende Salazar Herri Eskolakoen txanda izan zen: Autobusaren zain eta Ongi Etorri gure hotelera lanak antzeztu zituzten.
Gaur (maiatzak 15), berriz, Barrutialdeko DBHko ikasleek Follower obra oholtzaratu dutea. Musika izar baten kontzertura doazen zazpi neraberen istorioa kontatu dute, zazpi jarraitzailerena, euren sare sozialetan like baten bila doazen horiena.
Eta, bihar (maiatzak 16), Gernikako Institutukoak eta Seber Altubekoak ibiliko dira antzezle lanetan. Ospitale txiki bateko langileen arteko gatazkak eta paziente batzuen bizipen gogorrak ere erakutsiko dituzte institutukoek Bata zuriak lanean. Seber Altubekoek ilargira NASAko misio batean parte hartuko duen gernikarraren istorioa jorratuko dute: Kristina ilargira doa!.