Betanzos eta Lekerikabeaskoa izan dira azkarrenak Ajangizen
00.39,377 denborarekin lortu dute Busturialdeko Inertzia Kopako lidertzan kokatzea.
Hilabete luzez prestakuntza lanetan ibili ostean, zapatuan eman zioten hasiera Busturialde Inertzia Kopari, Ajangizen ospatutako lehen lasterketarekin. Busturialdeko Koldo Betanzos pilotoak eta Urko Lekerikabeaskoak osatutako goitibehera izan zen Ajangizko jaitsiera osatzen azkarrena; bigarren jaitsieran lortutako 00.39,377 denborari esker lortu zuten lehenengo garaikurra. Meatzaldeko Felix Delgadok lortu zuen bigarren postua, 00.40,003ko denboragaz, eta Gernika-Lumoko Alain Acillonak eta Erlantz Kortabitartek lortu zuten hirugarren postua, jaitsiera 00.41,239etan eginez.
Ajangizko proba Euskal Koparako gain, Busturialdeko Inertzia Koparako lehen proba puntuagarria izan zen. Txapelketa horretan, eskualdeko lagunek baino ez dute parte hartzen. Hortaz, Acillona eta Kortabitarte sailkapen horretako bigarren postuan daude, eta Danel Arrietak eta Peru Ugaldek osatzen dute momentura arteko podiuma.
Hasiera batean 29 goitibehera izateko baziren ere, 25 izan ziren Ajangizera hurbildutakoak. Lehen froga izanik, parte hartzearekin “oso pozik” daudela aitortu dute antolakuntzakoek, eta hurrengo frogetara begira kopurua “hazten” joatea espero dute. Gainera, errepide albora hurbildutako jendetzarekin “ezin pozago” geratu dira.
Lasterketari dagokionez, “normaltasunez” joan zela azaldu dute. Tankera horretako lasterketetan izaten diren “ohiko istripuez” gain, ez zen “nabarmentzeko ezer” gertatu, eta “hori pozgarria dela” adierazi dute. Bitxikeria bezala, Arrieta eta Ugalde bigarren jaitsieran errekara jausi zirela kontatu dute, eta horrekin beldurtu ez, eta hirugarren jaitsieran lortu zuten txapelketako podiumean utzi dieten denbora.
Antolatzaileek gogoratu dute abuztuaren 3an izango dela hurrengo proba Muxikan, eta abiadura zaleak gonbidatu dituzte euren goitibeherak prestatzen hastera.