200 lagun baino gehiago elkartuko dira GRT Eguneko bazkarian
Gernika Rugby Taldeak bihar [maiatzak11] du klubaren egun handia egun osoko egitarauagaz, Astran.
Iaz 50 urte bete zituen Gernika Rugby Taldeak eta aurtengo ikasturtean goi-goitik ospatu nahi dute. Hain zuzen ere, mende erdia behar bezala ospatzeko GRT Eguna ospatuko dute bihar [maiatzak 11], egun osoko egitarauagaz. Zelan ez, errugbiagaz hasiko dute eguna. Klubeko kide izan diren eta dagoeneko jarraitzen ez duten jokalariek lagunarteko partida jokatuko dute Bartzelonaren aurka. Ostean, trikipoteoa hasiko dute herriko tabernetatik, azken geralekua Astra izanik. Gero, 200 lagun baino gehiago batuko dira bazkarian.
Gazteenek ere haientzako tartea izango dute eta puzgarriak izango dituzte. 18:00etan bertso saioa hasiko da, Lilibertsoko bertsolariak arduratuko dira klubaren ibilbidearen inguruko errima eta doinua jartzen. 19:00etan Obieta aita-semeak musika soinuak jartzen hasiko dira eta horiek DJ Ramixek luzatuko ditu, gaueko ordu txikietara arte. Bazkarirako sarrerak agortuta daude. Hala ere, parte hartu nahi duten herritarrek ere oraindik haien aukera izango dute. Hori bai, Astrako arratsaldeko ekintzetaz gozatu nahi dutenek 3 euro ordaindu beharko dituzte 18:00etatik aurrera.