Memoriaren fokua zabaldu du Gernika Memoriaren Lekukok
Bi oinarrik ardaztu dute plataformaren egitaraua aurten: kulturak –arteak eta sorkuntzak– eta gaur egungo gai ezberdinen salaketak. Erantzun "oso positiboa" jaso dutela gehitu dute, "parte hartze aktibo handiarekin". Aipamen berezia egin nahi izan diote gazteen parte hartzea areagotu izanari.
Memoria ariketarako hilabetea izan ohi da apirila Gernika-Lumon, eta aurten ere, hori egiteko baliatu du Gernika Memoriaren Lekukok Gernikako bonbardaketaren urteurrena. Hala, apirilaren erdialdean hasi eta maiatzaren 6ra bitartean, denetariko ekintzak prestatu dituzte, memoriaren fokua zabaltzeko helburuagaz.
Aurtengo egitaraua antolatzerakoan kontziente ziren hauteskundeek egitarauko egunak baldintzatuko zituztela, baita iaz egindako balorazioak ere; izan ere, ekintza asko egoteak duen eraginari buruz hausnartu zuten iaz, zentzu guztietan. Hala, bi oinarrik ardaztu dute plataformaren egitaraua aurten: kulturak –arteak eta sorkuntzak– eta gaur egungo gai ezberdinen salaketak. Izan ere, ekimen ezberdinen bidez islatu dituzte horiek: Artearen bidez, gai ezberdinak landu dituzte, eta horiek ekimen desberdinetan islatu dituzte: Ibarrekolandako ikasleen antzerkia, Gernika Garretan herri antzerkia, Manttalingo alabaren emanaldia eta Nestor Basterretxearen omenaldia. Bestalde, Palestinari elkartasuna adierazi diote, Bakearen Artisauei aitortza egin diete, Pablo Gonzalezen askatasuna eskatu dute
“Ekimenok memoriaren fokua zabaltzen lagundu digute, efemeride nagusiak azpimarra eta eguneraketa izaten jarraitzearekin batera (4 minutuak, euskal artisten Guernica koadro koloretsua, kandelen manifestazioa, Lleidakoekin senidetzea), eta kaleko ekimenek protagonismo bereziagoa hartu dute”, azaldu dute plataformako kideek. Gainera, erantzun “oso positiboa” jaso dutela gehitu dute, “parte hartze aktibo handiarekin”. Hala, aipamen berezia egin nahi izan diote gazteen parte hartzea areagotu izanari, eta “asko” pozten dira horregatik.
Gauzak horrela, Gernika eta bere memoria “bizirik” eta “erpin askorekin” garatzen dela sentitu dute: “Oso modu irekian gauzatzen da, eta horren partaide izateak harrotzen gaitu, zinez”.
Hala, jasotako laguntza eskertu dute, “hori barik ezinezkoa izango luketelako horrelako egitarau zabal” bat aurrera ateratzea: “Kultur etxeko zuzendariari, udal eta kultur etxeko langileei, espazioetako kideei (Lizeo Antzokia, Astra), bolondres lanak egin dituztenei eta egitarauan partaide izan diren guztiei, eskerrik asko!”.