Ikasturtean ikasitako obrak erakutsiko dituzte antzezle gazteek
Eskolarteko Antzerki Astean elkartuko dira Gernika-Lumoko ikasleak datorren astelehenetik eguenera bitartean. Zazpi ikastetxetako ikasleak taularatuko dira.
Umeak gizarteratzeko bidea jorratzea, euskararen erabilpena areagotzea eta ahozkotasuna lantzea helburu dituen Eskolarteko Antzerki Astean elkartuko dira Gernika-Lumoko ikasleak datorren astean. Astelehenetik (maiatzak 13) eguenera (maiatzak 16) bitartean, inguruko zazpi ikastetxeetako ikasleak Lizeo Antzokiko oholtzara igoko dira, antzerki astearen 34. aldian. “Urteroko jarduera da, ikasturtean zehar ikastetxeetan lantzen diren antzezlanak kaleratzeko erakusleiho aproposa”, adierazi dute udal eskola kontseiluko arduradunek.
Barrutia ikastetxeko Haur Hezkuntzako lau eta bost urteko ikasleak izango dira antzerkia asteari ekingo diotenak, 11:00etan. Charles Perraulten Sagutxo Kaskarin ipuin klasikoaren moldaketa taularatuko dute, narrazio eta musika desberdinekin jolastuz, antzerki “dibertigarria” osatzeko.
Euren ostean, Mertzede Ikastetxeko DBH 1 eta DBH 3 bitarteko ikasleek Alizia, lurralde miresgarrian antzerkia erakutsiko dute, 15:00etan. Norbera ezagutzeko bidean dagoen gaztearen istorioa kontatuko dute.
Martitzenean izango dute euren txanda San Fidel Ikastolakoek eta Allende Salazar Herri Eskolakoek. Autobusaren zain dagoen biloba galdu duen amonaren, egunkaririk saldu ez duen egunkari saltzailearen, inor baino gehiago ikusten duen itsuaren, edozer lapurtzen duen lapurraren… arteko liskarren lekuko izango dira ikusleak San Fidelekoek taularatuko duten Autobusaren zain antzezlanean.
Allende Salazarrekoek, berriz, adin guztiei zuzendutako Ongi Etorri gure hotelera lana antzeztuko dute. Hotela zabaldu berri duten horien lekuan jarriko dira aktoreak, dena kontrolpean duten horien azalean, lehenengo bisitariek harrerako kanpaia jotzen duten arte.
Follower da, berriz, maiatzaren 15ean Barrutialdeko DBHko ikasleek oholtzaratuko duten obra. Musika izar baten kontzertura doazen zazpi neraberen istorioa kontatuko dute, zazpi jarraitzailerena, euren sare sozialetan like baten bila doazen horiena.
Azken egunean, Gernikako Institutukoak eta Seber Altubekoak ibiliko dira antzezle lanetan. Ospitale txiki bateko langileen arteko gatazkak eta paziente batzuen bizipen gogorrak ere erakutsiko dituzte institutukoek Bata zuriak lanean.
Seber Altubekoek ilargira NASAko misio batean parte hartuko duen gernikarraren istorioa jorratuko dute adin guztiei zuzendutako Kristina ilargira doa! obran.
Oholtzaratzen diren ikasleez gain, ekitaldi bakoitzera antzerki astean parte hartzen duten ikasleak bertaratuko dira.
Eskolarteko Antzerki Astea udal eskola kontseiluan ikasturterako zehazten den eskolaz kanpoko ekintza ohikoa da, umeak gizarteratzeko bidea jorretzeko helburu duena. 33 urtez eutsi diote egitasmoari, eta antzerki astearen atzean “lan handia” dagoela nabarmendu dute arduradunek.