Mikel Perezek irabazi du apirileko Ezetz Jakin lehiaketa
70 lagunek parte hartu dute azkenengo lehiaketan.
Gernika-lumotarren arteko lehia sortzen du hilero Berbalagunek. Euskara sustatzea helburutzat daukan Ezetz Jakin lehiaketak, helburua betetzeaz gain, tarte on bat pasatzeko aukera eskaintzen du.
Apirilean 70 pertsona izan dira Berbalagunek proposatutako hamabost galderak erantzun dituztenak, eta elkarteko kide Ibai Urrutiak azaldu duenez, hilabete horretan ere, “ohikoa denez”, parte hartzaileetako “gehienek” asmatu dituzte galderak.
Miker Perez, AEKako ikaslea, izan da hilabetero Berbalagunek sari bezala eskaintzen duen bi pertsonentzako bazkariaren irabazlea; San Kristobal tabernan gozatuko du esperientziaz.
Parte hartzea izaten omen da lehiaketetako alderik garrantzitsuena. Berbalagun filosofia horren aldekoa da, eta galderak erantzuten dituztenen artean, herriko negozietan gastatzeko hogei euroko bonoa zozkatzen du. Mikel Carballo izan da apirileko parte hartzaileen artean zortedunena.
Parte hartzeari dagokionez, Urrutiak aitortu du “irregulara” izaten dela. Azkenengo hilabetekoarekin alderatuta, bajatu egin da, baina “bataz bestekotik” hurbil omen dago. Jokatzeko erari dagokionez, gehiengoak paper bidez jokatzen du; internet bidezkoak, gutxiengoa dira.