Ibarrangeluk hartuko du Busturialdeko Eskola Txikien Jaia
Haizeder Eskola izango da aurtengo arduraduna. Barikuan [maiatzak 10], goizetik eguerdi bitarteko ospakizun egitaraua edukiko dute, umeak zein gaztetxoak erdigunean direla.
Urtero legez, maiatza heltzeagaz batera, umeen nahiz gaztetxoen dantzaz, jolasez eta ospakizun aldartez beteko da barikuan [maiatzak 10] eskualdeko udalerri bat, Busturialdeko Eskola Txikien Jaiagaz. Aurten, Ibarrangelun egingo dute jaialdi berezi eta eder hori, Mundakaren lekukoa hartuta. Ohiko modura, elkarlanean antolatu dute egitasmoa Busturialdeko eskola txikietako ordezkariek, eta elkarlanean gozatuko dute egunaz. Aurten, Ea, Elantxobe eta Ibarrangeluko ikasleak hartzen dituen Haizeder Eskola arduratuko da jaialdiaren antolakuntzaz. Beraiekin batera, ondorengo eskolek parte hartuko dute: Mundakako eskolak, Muxikako Urretxindorrak, Gautegiz Arteagako Montorrek eta Busturiko Jose Maria Uzelai Herri Eskolak.
Antolatzaileek goizetik eguerdira bitarteko jai egitaraua atondu dute, Ibarrangeluko kultur etxearen eta udal pilotalekuaren inguruan egingo dutena. 10:15ean ekingo diote ospatzeari; lehenik eta behin, partaide guztiei harrera egingo diote eta, horregaz batera, argazkitarako tartea ere egongo dela aurreratu dute. 10:30ean, kalejiran elkartuko dira eskola guztietako parte hartzaileak. 11:15ean, berriz, eguerdiko musika emanaldirako entsegu saioa egingo dute. 11:45ean jan-edanean bilduko dira denak eta, behin indarrak hartuta, aipatutako emanaldia egingo dute. Musika eta dantza, beraz, ez dira inondik inora faltako. Horren ostean, 13:00etan, Haur Hezkuntzako ikasleak bazkaritarako elkartuko direla iragarri dute, 14:00etan egingo dituzten tailerren eta jolasen aurretik, hain zuzen ere. 14:45ean emango diote amaiera jaiari, agurragaz.
Haizederreko antolatzaileek herritarrei bertaratzeko deialdia luzatu gura izan diete, denek batera “festaz gozatzeko” aldarriagaz.