Elikagaien bilketa abiatu dute Mundakan
Herritarrek produktuak jasotzeko eskaria egin dezakete jadanik.
Mundakako Udala Bizkaiko Elikagai Bankuak egiten dituen elikagaien bankuagaz atxikitu da, eta abian ipini du udalerriko elikagaien bilketa. Adierazi dutenaren arabera, elikagaien bilketa herritarrei begira egongo da, eta Mundakako biztaleei ahalik eta laguntza sozial gehien emateko bidean “urrats sendoa” dela nabarmendu dute udal ordezkariek. Elikagaien bankuan parte hartzeko, eskari dokumentu bat bete beharko da; agiri horretan hartzailearen izen-abizenak, nortasun agiriaren zenbakia, jaiotze data, helbidea eta hartu-emanetarako telefono zenbakia zehaztu beharko dituzte.
Era berean, produktuak jaso gura dituztenek kontuan izan beharko dute elikagai jakin batzuekin bakarrik funtzionatuko duela bankuak. Ondorengoak izango dira produktuak: esnea, pasta, arroza, lekale lehorrak, olioa, tomatea kontserban, prestaturiko lekaleak, arraina kontserban, kakaozko edariak, umeentzako pure potoak, haurrentzako bestelako elikadura produktuak, urte bitik beherakoentzako hauts esnea, gailetak eta gozokiak.