Udarako barrera automatikoa jarriko dute udaletxe atzeko aparkalekuan
Datozen hilabeteetan matrikulak irakurtzen dituen hesi automatikoa jarriko dute Donibaneko aparkalekuan. Lanak ekainean amaitzea aurreikusi dute.
Udan Donibaneko aparkalekuan egon ohi diren arazoak saihesteko, datozen hilabeteetan matrikulak irakurtzen dituen hesi automatikoa jarriko dutela jakinarazi du Eako Udalak.
Kurtzia kaleko irteeran, berriz, ibilgailuak detektatzeko begizta magnetikoa ezarriko dute, irtetera doazen autoei barrera zabaltzeko, kontrako norantzan sartzea eragotziz. Hortaz, jakinarazi dute, aurrerantzean ez dela txartel urdinik beharko aparkaleku honetarako; bai, aldiz, egoiliarrentzako erreserbatutako gainontzeko guneetan aparkatzeko.
Sistema berria ezartzeko lanak ekainean amaitzea aurreikusi dute udal ordezkariek, San Juan jaiak aurretik dena prest egon dadin. Ondorioz, arautegiari egin beharreko aldaketak datozen asteetan egingo dituzte.