Euskal Herritik Palestinara bidalitako laguntza humanitarioa Gazara ailegatzen ari da
Gernika Palestinak eta Yala Nafarroak 35.000 euro bidali ondoren, edateko ura banatzen hasi dira desplazatutako herritarren artean, ia mila barazki poltsaz eta janari deshidratatuaren banaketagaz batera. Laguntza horren banaketa Union of Agricultural Work Comittees erakundeak eta Mundubat euskal GKEk kudeatzen dute.
34.683 pertsona hil, 78.018 zauritu eta 11.000 desagertu daude Gazan, bertako Osasun Ministerioaren arabera. Israelek genozidioagaz jarraitzen duen bitartean, Euskal Herritik bidalitako laguntza humanitarioa ailegatzen ari da Gazara. Hain zuzen ere, Gernika-Palestinatik eta Yala Nafarroatik palestinarrei bidalitako funtsen lehen bidalketatik eratorritako laguntza da ailegatu dena. Hala ere, salatu dute etorkizuneko laguntza humanitarioak Gazan sartu ahal izateko bide guztiak itxi dituela Israelek: “Beraz, genozidioaren politika sionista areagotzea aurreikusten da, nazioarteko komunitatearen pasibotasun lotsagabearen aurrean”.
Gernika Palestinak eta Yala Nafarroak 35.000 euro bidali ondoren, edateko ura banatzen hasi dira desplazatutako herritarren artean, ia mila barazki poltsaz eta janari deshidratatuaren banaketagaz batera. Izan ere, produktu horiek ari dira banatzen Rafahen dauden familia desplazatuen artean, “nazioarteko komunitatearen pasibotasunaren aurrean genozidio politika sionistaren hurrengo urratsaren beldur diren bitartean”.
Zehaztu dutenez, laguntza horren banaketa Union of Agricultural Work Comittees erakundeak kudeatzen du –1968tik Gazan eta Zisjordanian lan egiten duen erakundeak–, Mundubat euskal Gobernuz Kanpoko Erakundeagaz batera. “Laguntza horren etorrerako poza Rafahen berehalako erasoak lausotu du, herri palestinarrarentzat sufrimendu maila handiagoak ekarriko baititu”, adierazi dute Gernika Palestina Herri Ekimenekoek.
Ze, gogoratu dute, azken zazpi hilabeteetan, Israelek Gazako biztanle gehienak hegoaldeko eremu “ustez seguruetara” –Rafahera, esaterako– joatera behartu dituela. Bertan daude milioi bat errefuxiatu baino gehiago, “ia janaririk eta urik barik”, nazioarteko komunitateak “ostrukaren politikarekin jarraitzen duen” bitartean.
Ildo horretan, Espainiako Gobernuari eta Europako gainerako gobernuei eskatu diete su eten iraunkor eta gainbegiratuaren buru izateko Gazan. Horrez gain, Gazako Zerrendaren blokeoa bertan behera uzteko exijitu diete, baita laguntza humanitarioa sartzen uztekoa ere. Gainera, Palestinako herritarren aurka egiten ari diren eta “genozidioa” diren gerra eta gizateriaren aurkako krimenak salatzeko eskatu diete.