Bermeotar trainerillak bizkorrena izaten darrai
Bermeo-Urdaibaik, iragan astean Elantxoben egin zuten legez, bere legea ezarri du Lekeition, Bizkaiko Trainerillen Ligako laugarren jardunaldiko estropadako gizonezkoen absolutu mailan.
Bermeo-Urdaibai Arraun Elkarteak, beste behin, udako estropada denboraldirako lanak ondo egiten ari dela frogatu du: joandako asteburuan Elantxoben egin legez, bere nagusitasuna berretsi zuen joan den domekan [maiatzak 5], Lekeitioko uretan egindako Bizkaiko Trainerillen Ligako laugarren jardunaldiko estropadan. Bermeoko eskifaiak lehia handia eduki zuen Zierbena B-ren aurka, gizonezkoen absolutu mailan; bermeotarrak 14.06,60ko denboragaz nagusitu ziren. Bermeo B eta C trainerillak ere goi mailan azaldu ziren Lekeition, lehen postuetan helmugaratuz: hurrenez hurren, bosgarren eta zazpigarren amaitu zuten, 14.44,85 eta 15.00,91eko denborekin.
Gizonezkoen absolutu mailan klub bat baino gehiago uretaratu zituen, bestalde, Elantxobe Arraun Taldeak ere: Elantxobe A 13. postuan sailkatu zen, 16.16,20ko denbora eginda; B taldeak, ostera, taula zarratu zuen, lanak 18.00,94ko denboran eginda. Emakumezko absolutuen artean, bermeotarrak garaipenetik urrunago egon ziren: seigarren postuan sailkatu ziren, 18.31,84koagaz, Deustu C garailearengandik ia minutu eta erdira.
Gazte mailari dagokionez, Mundakak Isuntza A-k baino ia minutua gehiago behar izan zuen gizonezkoen artean; mundakarrek 16.22,09ko denbora egin zuten. Kadete mailan, berriz, hurrago ibili zen Elantxobeko lantaldea. Emakumezkoen lehian, Elantxobe hirugarrena izan zen, 08.59,70eko denbora egin ostean; Mundaka, aldiz, bosgarrena, 09.12,57koagaz. Garaipenak ondarrutarren aldera egin zuen maila horretan. Gizonezkoen estropadan, Itsasoko Ama A gailendu zen, baina lehen ziabogan egindako mugimendu irregular batengatik kanporatu egin zuten epaileek. Eskualdeko eskifaiarik aurreratuena Mundaka izan zen: zortzigarrena, 08.26,87ko denboragaz. Jarraian sailkatu zen Elantxobe A, 08.33,42koagaz. Sailkapena elantxobetarren B taldeak osatu zuen, 09.06,89ko denbora eginda.
Hitzordu garrantzitsuak, ate joka.
Ondarroa trainerillen lehiaren epizentro bihurtuko da datozen egunetan. Izan ere, datorren zapatuan [maiatzak 11], Bizkaiko Trainerilla Ligaren bosgarren jardunaldia lehiatuko dute. Ez hori bakarrik: Bizkaiko Txapelketarako sailkapen estropada ere hartuko du lehiaketak. Bizkaiko lehia, hain zuzen ere, toki berberean egingo dute, domekan [maiatzak 12]. Azkenik, Euskadiko Txapelketa lehiatuko dute hurrengo domekan [maiatzak 19], hori ere Ondarroan.