Eskolarteko Dantzari Egunak 1.300 ikasle batuko ditu San Kristobaleko aparkalekuan
San Kristobaleko aparkalekuan elkartuko dira aurten Gernika-Lumoko ikastetxeetako dantzari gazteak domekan (maiatzak 5). Eskolarteko Dantzari Eguna bertan ospatuko dute aurten lehenengoz. Euria egiten badu, aldiz, Merkatu plazan izango da ekitaldia.
Udalerriko ikastetxeetako 1.300 ikaslek parte hartuko dute dantza saioan, hiru eta hamabost urte bitartekoek, hain zuzen ere. Allende Salazar Herri Ikastetxeko, Barrutia eskolako, Mertzede ikastetxeko, San Fidel Ikastolako eta Seber Altube Ikastolako ikasleak izango dira protagonistak. Eurekaz batera ariko dira Segundo Olaeta Musika Eskolako trikitixa eta txistulari taldeko ikasleak, baita Gazteak Txistulari Taldeko kideak ere.
11:00etan hitzordua dute Pasealekuan, bertatik abiatuta, kalejiran joango direlako dantza lekuraino, aparkalekua dantzariz betetzeko. Dantza saioa 11:30ean hasiko dutela jakinarazi dute udaleko arduradunek.
Euskal Herriko dantzen ikuskizuna eskainiko dute bertan, dantza ezberdinak plazaratuko baitituzte. Hain zuzen ere, lau multzotan banatu dute dantza saioa. Lehenengo, Durangoko dantzari dantzak egingo dituzte (Agintariena eta Ezpata joko txikia); gero, Arabako, Lapurdiko eta Nafarroako dantzen txanda izango da (Makil joko I, Makil joko II, Txulalai, Zapatain dantza eta San Petrike); Gipuzkoako Makil txiki eta Durangoko dantzak ere dantzatuko dituzte hirugarren zatian (Euzko dantza, Arku dantza eta zinta dantza); horien ostean, Fandagoa eta Arin-arina dantzatuko dituzte, eta saioagaz amaitzeko, Benafarroako martxagaz agurtuko dituzte ikusleak.
31. urtez ospatuko duten egunean, euskal ohiturak lantzea, umeen arteko harremanak bideratzea eta familia giroko ekitaldietan hizkuntza ohiturak jorratzea izango dute helburu, eta, horretarako, ekitaldi “erraldoia” antolatu dute. Hala, “umeen gizarteratzea euskaraz eta emozioz beteriko egun bategaz” gauzatu gura dute.