Herri kirol parte hartzaileek girotu dituzte Olabarriko jaiak
Errigoitiko Olabarri auzoan jai giroan elkartu dira herritarrak gaur (maiatzak 1) eguerdian. Meza ostean, jan-edana izan dute aukeran, eta Etxebarria aita-semeak arduratu dira egonaldia musikatzeaz.
Herritarrak pintxoak jaten ibili diren bitartean, pilotariek Bizkaia Esnea Txapelketako semifinalak jokatu dituzte Elizaldeko frontoian; izan ere, Olabarriakoak ez dauka aterperik, eta euria ari zuen.
Hori bai, herri kirol parte hartzaileak egiteko ordurako eguzkia atera da, eta errigoitiar gaztetxoenek denetariko ekintzak izan dituzte aukeran: txokor batzean aritu dira lehenengo, txinga eroatean gero, saku lasterketa eta giza probak ere egin dituzte, eta ingudea altxatzea ere probatu dute. Herri kirolekin amaitzeko, gazteak sokatiran aritu dira, eta nagusiak ere animatu dira parte hartzera, gero.
Barre algara eta musika lagun dutela egin dute hori guztia, auzoan giro ederra sortuz. Kirolariek indarrak berritzeko, jateko gehiago izan dute, eta giro onagaz segitzeko, bakarrizketa saioak egin dituzte txokoan bertan: Bocabeats Komendiaren stand up saioaz gozatu dute errigoitiarrek.