TAE Gernikak maila ona erakutsi du Barakaldoko Taekwondo Openean
TAE Gernika klubeko 33 ordezkariren artean 47 domina eskuratu zituzten: 19 domina izan dira urregorrizkoak, 16 urrezurizkoak eta 12 brontzezkoak.
Taekwondolariak Barakaldoko Openean elkartu ziren zapatuan (apirilak 27), eta Gernika-Lumoko TAE Gernikakoek maila “ona” erakutsi zuten bertan, klubeko 33 ordezkariren artean 47 domina eskuratu zituztelako, parte hartu zuten lehia eretan (formak banaka, taldeka, adostutako borroka eta ohikoa). Hain zuzen ere, 19 domina izan dira urregorrizkoak, 16 urrezurizkoak eta 12 brontzezkoak.
Bizkai, Kantabria eta Kataluniako bost eskolak parte hartu zuten bertan: gernikarrak, TDK Barakaldo eskolakoak, Seul-Cantabriakoak, HWA-RANG-DO Bartzelonakoak eta TAM Blanes-Gironakoak. Hau da, 250 lehiakidetik gora batu zituen zapatuko ekitaldiak.
Dani Urbez TAE Gernikako instruktoreak ziurtatu duenez, “maila handiko” lehiaketa izan zen, eta klubeko ordezkariek borroka lehia eran erakutsitako lana nabarmendu du: “Ia denak finalera ailegatu dira eta batzuk urrezko domina irabazi dute”.
Hala ere, asteburuko unerik hunkigarriena taldeak hartu duen “indarra, kirolarien arteko elkarlana eta laguntza, motibazioa, poztasuna eta emozioa” ikustea izan dela dio, bai garaipenetan, bai huts egiteetan. “Irabazten eta galtzen jakitea eta taekwondoaren oinarriak betetzen jakitea garrantzitsua da: adeitasuna, zintzotasuna, ekina, autokontrola eta makurtuezineko espiritua, alegia”, azaldu du Urbezek.
Lehia amaituta, TDK Barakaldo eskolari eskertu diote egindako lana, antolakuntza “ederra” izan zelako, eta hurreko “tratu gozoaz” gozatu zutelako. “Zer esanik ez, lehiakideen familiei eman beharreko eskerrez. Eskerrak eman behar dizkiegu lehiaketara agertzeaz gain, coach lekua ere hartu zutelako, taldeari denean lagundu ziotelako, eta azken momentura arte eskua luzatzeko prestatasuna izan zutelako. Mila esker bene-benetan, hau guztion eginkizuna izan da”.