Gernika Rugby Taldekoek jantzi diote zapia On Tellori
Domekan, 658 urte bete zituen Gernikak. Iker Olaetak jarri zion zapia On Tellori.
Domekan (apirilak 28) bete ziren 658 urte Gernika sortu zenetik. 1366ko apirilaren 28an On Tello kondeak hiri gutuna eman zion Gernikari. Hori da, hain zuzen ere, Foruen plazan dagoen On Telloren eskulturak eskuan daukana. Eta horri jarri zion zapia Iker Olaetak, Gernika Rugby Taldearenn ordezkari modura; kapitaina zapia jartzeko eskaileran gora zihoala, beste jokalariek lagundu zioten.
Gutun horretan, apirilaren 28an sortutako herriak izango zituen mugak zehaztu ziren, baita gernikarren eskubide, betebehar eta abantailak zeintzuk ziren ere. Horien arabera antolatu zen Gernika juridikoki zein politikoki, 1882ra arte. Izan ere, urte horretako urtarrilaren 8an bat egin zuten Gernikak eta Lumok.
Urteurrena gogoratzeko, Gernikako mugetatik ibilbidea egin zuten Gernikazarra Historia Taldeak eta kultur etxeak antolatuta; udaletxe aurrean elkartu ziren eta 8 de Enero, San Juan, Allende Salazar eta Adolfo Urioste kaleetatik egin zuten ibilbidea.
Gernika sortu zeneko urteurren ekitaldia 1936. urtera arte etengabean egin zen tradizioa izan zen. Azken urteetan ohitura berreskuratu du Gernikazarrak, “hurrengo belaunaldiei gertaeren berri emateko”.