Dantzak hartu ditu Gernika-Lumoko eta Bermeoko bazterrak, asteburuan
Dantzaren Nazioarteko Eguna dela eta, hainbat ekimen izan dira asteburuan Gernika-Lumon zein Bermeon.
Dantzari eta dantzazaleen egutegian gorriz markatutako eguna da apirilaren 29a. Izan ere, gaurko egunean ospatzen da Dantzaren Nazioarteko Eguna. Ospakizunetarako arrazoia izanik, askotariko ekintzak antolatu ziren astebururako Gernika-Lumon zein Bermeon.
Gernika-Lumon, bi dantza emanaldi eskaini zituen, zapatuan, Ross Dantza Eskolak. 17:00etan, Jai-Alai frontoian batu zituzten ehundaka dantzazale, eta 20:00etan Lizeo Antzokian izan ziren dantzariak. Gainera, domekan, Bizkaiko Foru Aldundiak Bilboko itsasadarraren ertzean kokatu zuen 250 metroko alfonbra gainean dantzatu zuten dantza eskolako dantzari batzuk.
Bermeon, berriz, zapatuan, 13:00etan portuan, eta 13:30ean Lameran izan ziren Ross Dantza Taldekoak. Atzo, bestalde, Divenire Dantza Eskolak Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatzeko dantzaldia eskaini zuen, 12:00etan, Torrontero enparantzan.