Bermeoko trainerilla, Elantxobeko uretan bizkor
Bermeo-Urdaibaik Bizkaiko Trainerilla Ligako bigarren jardunaldian lehen hirugarren postuak lortu ditu, gizonezkoen absolutu mailan, Elantxoben.
Asteburuan [apirilak 28] Bizkaiko Trainerilla Ligaren bigarren jardunaldia egin zuten. Elantxobek hartu zuen bigarren estropada, goi mailako lehiagaz. Lehen jardunaldia ere zapatuan [apirilak 27] Elantxoben egitekoak ziren, baina itsas baldintza txarrek lehia bertan behera uztera behartu zituzten antolatzaileak. Domekan, arraunean aritu ziren, besteren artean, Busturialdeko klubetako ordezkariak: etxeko taldea, Mundaka eta Bermeo. Bermeo-Urdaibaik, hain zuzen ere, ez zuen aurkaririk eduki gizonezko absolutu mailan: lehen hiru postuak poltsikoratu zituzten. Bermeo A 14.11,96ko denboragaz gailendu zen, eta B eta C taldeak, hurrenez hurren, 14.14,58 eta 14.28,27koa denborekin helmugaratu ziren. Etxeko klub Elantxobe A eta b taldeek ere estropada horretan parte hartu zuten, 16.07,12ko eta 16.16,68ko denborak eginik.
Emakumezkoen artean, bermeotar eskifaiak 17.53,07ko denboragaz burutu zituen lanak, eta horrek bigarren postua eskuratzeko balio izan zien. Mundakak, bere aldetik, erregistro txukuna lortu zuen gizonezko gazte mailako estropadan: bigarrenak izan ziren, 15.27,06ko denbora egin ondoren. Kadete mailari dagokionez, emakumezkoen artean hirugarrenak izan ziren mundakarrak [08.46,39], eta justuki aurretik eduki zituzten elantxobetarrak, bigarren postuan [08.40,63]. Gizonezkoen artean, ostera, Elantxobe A etxeko jarraitzaileen aurrean nagusitu ahal izan zen: 08.04,96ko denbora lortu zuten. Mundakak estropada hirugarren amaitu zuen, baina Kaiku B kanporatu egin zutenez, bigarren postuan amaitzera igaro zen, 08.17,96koagaz. Elantxobe B, berriz, podiumetik urrats bakarrera geratu zen, laugarrena, 08.18,69ko denboragaz.