Tostadek ezkutatutakoa
Ahuakatedun tostaden argazkiz bete dira sare sozialak. Fruituaren ekoizpenak, baina, miseria dakar kolonbiar askorentzat, eta errealitate hori islatu nahi du Astrako erakusketak.
Asko entzuten ez diren edo, zuzenean, marjinalizatzen diren ahotsei bozgorailu bat ematen saiatzen dira Gerizpetatik 11 izpi proiektuko arduradunak. Aipatu proiektuak giza eskubideak eta lurra defendatzea dute helburutzat, eta horren baitan aurkeztu dute ahuakatearen ekoizpenaren atzean dagoen problematika azaltzen duen argazki erakusketa. Maiatzaren 20ra bitartean egongo da ikusgai, Astra kultura fabrika sozialeko bigarren solairuan.
Azkenengo urteetan arrakasta eskuratu duen fruitua da ahuakatea. Sareetan gero eta ohikoagoa bihurtu da ahukate tostaden argazkiak ikustea, eta fruitu horrekiko irudi positibo bat eraiki da. Horrenbesteko arrakasta lortu du, Espainiar Estatua bigarren postuan kokatu dela Kolonbiatik ahuakateak ekartzen dituzten herrialdeen rankingean.
Tostada eder horien atzean, errealitate krudela dago. Cajamarca (Tolima, Kolonbia) herria da ahuakate ekoizle nagusietako bat. Bertakoa da Daniel Camilo Arciniegas nekazaria– berak ez ditu lurrak, langilea da–, eta bertan bizi duten egoera «latza» azaldu zuen erakusketaren aurkezpenean.
Cajamarca ingurua fruituak ekoizteko toki paregabea zen. 90. hamarkadaren amaieran, inguruko nekazari txikiek mota guztietako fruituak ekoizten zituzten, minifundioetan–lur zati txikietan–. 2000. urtean, ordea, testuinguru hori guztiz aldatu zen: beste herrialde batzuetako multinazionalak Cajamarca inguruko lurrak hartzen hasi ziren. Kolonbiak nekazal erreformarik ez duenez, lurren berdintasun «falta ikaragarria» dago, eta enpresa handien esku geratzen hasi ziren hasieran nekazari txikienak ziren lurrak. Nekazariak gune horietatik kanporatzearekin nahikoa ez, eta ingurumena zapuzten hasi ziren Cajamarca iritsitako enpresa erraldoiak.
Zer egiten du berezi Cajamarca? Paramoek. Eta, zer dira? Ekosistema estrategiko eta intertropikalak dira. Herrialde gutxi batzuek baino ez dituzte, eta karbono dioxidoa gordetzen duten ekosistemak dira; klima aldaketa «pixka bat geldiarazten» laguntzen dute. Karbono dioxidoaz gain, ur geza ere atxikitzen dute, eta urtean zehar, inguruak eskatzen duenaren arabera banatzen dute. Paramoen etorkizuna da, hain zuzen ere, bizilagunei gehien larritzen dien gaia.
Monolaborantza.
Monolaborantzak espezie bakar baten ekoizpen intentsiboak dira. Hori da, hain zuzen ere, ahuakatearekin Cajamarcan gertatzen ari dena. Ekoizpen mota horren inguruko informazioa eskaintzen du erakusketan jarrita dagoen panel batek, eta horrela dio: «Paradigma estraktibistatik abiatuta, gatazka kolonial eta inperialaren jarraipen garaikidea dira, lurra, ondasun naturalak eta tokiko nekazariak bortizki eragiten dituena, goi-klaseko gutxiengo baten eskutik, gehienbat Ipar Globalekoa, zis-hetero-maskulinoa eta hiritarra».
Ekoizpen mota hori hobeto ulertzeko, erakusketako antolatzaileek Euskal Herriko adibide batekin alderatu dute ahuakatearen ekoizpena: eukaliptoarena eta pinudiarena.
Bildumako argazkiek erakusten duten bezala, paradisua dirudi Cajamarca inguruak. Naturaz inguratuta egoteaz gain, mineral bitxiak ere gordetzen dituzte bertako aztarnartegiek. Hori ikertu zuten 90. hamarkadan egin zen ikerketa batek. Tartean, urrea aurkitu zuten, eta egoera ikusita, enpresa askok hartu zuen bertarako bidea.
Berehala agertu ziren handik diru gosez zeuden nazioarteko erraldoiak. Tartean, 2007an, hegoafrikar enpresa bat. Enpresa horrek, aztarnategiak uztiatzeko nahia zuenez, Hass ahuakate mota eraman zuen bertara, horrela, nekazari txikiak poztu ahal izateko. Herriak, baina, ez zuen xantaia onartu, eta multinazionalaren aurka agertu ziren.
Urte askotako borrokak, orduko hartan, bere fruituak eman zituen: 2017an, asko borrokatu eta sufritu ostean, enpresa hura Cajamarcatik botatzea lortu zuten. Herri bozketa baten bidez izan zen, eta %97k erabaki zuen enpresa hori kaleratzea.
Ingurua, ordea, hondatuta utzi zuten. Camilok azaldu bezala, «dirudunak bertara heltzean, inguruko errepideak eta lurrak pribatizatzen dituzte; dena egiten dute beraiena».
Dinamika sozialak, aldatuta.
Eta ez hori bakarrik, bertako bizilagunen bizitzeko era aldatzen dute. «Drogen eta prostituzioaren arazoak gora egiten du enpresa hauen presentziarekin», salatzen du Camilok.
Orain arte aipatutako arazoak gutxi ez balira, gehiago daude. Monolaborantza praktikatzen duten enpresek glifosatoa erabiltzen dute. Herbizida da. Landare txarrak hiltzeaz gain, lurra ere zapuzten duena. Bost eta zazpi urte bitartean erabilita, ezin izaten da beste bost urtetan bertan ezer landatu.
Cajamarcako herritarrak kokoteraino daude. Beraien ingurunea suntsitzen dabiltzala ikusteak amorrua eragiten die, eta beraien helburu bakarra erakusketaren bidez egoera ulertaraztea da.