"Memoriaren gune" bihurtuko dute Santa Klara komentua
Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Klarisen ordena Gernika-Lumoko Santa Klarako moja-etxea erosteko akordio batera iritsi dira, gune hori memoriaren espazio bihurtzeko. Horrela, "beste bultzada bat" eman gura diote Bakearen Museoari.
Apirilak 26 ditu gaur, eta 1937an gaur bezalako egun batez gertatutako bonbardaketa gogoan dute herritar, eragile zein instituzioek. Hala, egun hartan izandako “txikizioa eta mina” gogora ekarri ditu Iñigo Urkullu Lehendakariak Gernika-Lumoko Santa Klara komentutik, eta 87. urteurreneko ekitaldietan “memoria ariketa bat” egitera gonbidatu ditu bizilagunak, bizitza, familia, lagunak, etxebizitza edo ondarea galdu zutenen sufrimendua gogoratzeko, eta haiekiko erabateko elkartasuna adierazteko.
Eguna aprobetxatuta, lehendakariak jakinarazi du Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Klarisen ordena Santa Klarako moja-etxea erosteko akordio batera iritsi direla, gune hori memoriaren espazio bihurtzeko. Izan ere, Bakearen Museoari ere bultzada eman gura diote bertan: “Gure historiarako hain garrantzitsua den leku hau babesteko modurik onena iruditu zaigu. Gure helburua da Gernikako Bakearen Museoari bultzada berri bat ematea bertan; komentu hau berarentzat lekurik onena izan daitekeela uste dugu”.
Lekuaren garrantzia ikusita erabaki dute komentua memoria gune bihurtzea, eta, horretarako, komentua bera, eliza eta atzealdeko lursaila erostea erabaki dute. “Gure ustez, museoaren duintasuna eta erakargarritasuna indartzeko modurik egokiena da Bakearen Museoa inguru honetara ekartzea. Horretarako, egin behar diren zaharberritze, moldaketa eta beharrezko inbertsioak egingo ditugu. Hori da gure nahia eta helburua”.
Gainera, udalerri osoa memoria gune izendatu izanak bonbardatuak izan diren beste herri batzuekin sare bat osatzeko aukera eskainiko diela azpimarratu du lehendakariak: “Horrek atea irekitzen digu mundu osoan bonbardaketen biktima izan diren beste hiri batzuekin batera sare bat osatzeko”.
Santa Klara komentuaren ingurua “historiaz eta esanahiz beteta” dagoen gunea da, bonbardaketaren ondoren zutik eta osorik geratu zen udalerriko gune bakarrenetako bat izan zelako; eskola zaharrak, Pasealekua, Andra Mari Eliza, Batzarretxea eta Klarisen komentua izan ziren suntsitu barik geratu ziren gune horietako batzuk. “Gune garrantzitsua da, dudarik barik: esanahiz eta historiaz beteta dago. Gernikako arbolaz berba egiten digu, euskal lurraldeen foru tradizioaz, autogobernuaz, askatasunaz, faxismoaz, indarkeriaz, gudaz, eta bakeaz. Kulturaz, tradizioaz eta espiritualitateaz ere bai”.
Duela gutxi utzi dute komentua moja klaristek, ia 500 urtez bertan egon ondoren, “munduan gertatzen ari diren gizarte aldaketa sakonen ondorioz”. Hala ere, esanguraz betetako leku horretatik, gerrekin amaitzeko deia egin du Bilboko Gotzainak, Gaza, Ukraina, Haiti eta Mianmarreko biztanleak gogoratuta: “Beste behin, Gernikatik diogu bonbak eta metrailetak ez direla etorkizunaren giltza, ez dira historiaren giltza”.
Hala, bakerako deia egin dute: “‘Bakea zuei’ izan zen berpiztu berri zen Jesusek bere jarraitzaileei egindako lehenengo agurra; hori izan da mendeetan zehar, berton bizi izan ziren moja etxe honetara hurreratzen ziren guztiei eskainitako agurra; hori izan da, baita ere, 1937ko apirilaren 26tik aurrera Gernikak munduari behin eta berriro zabaldutako oihua”.
Hori dela eta, orain, Busturialdea eta Urdaibai indartzeko euskal erakundeek sustatu nahi duten plangintza estrategikoaren barruan kokatu gura dute espazioa.