Mediterraneoko Justuak eta Bakearen Aldeko Borrokalariak saritu dituzte Gernika Sarietan
XIV. Bakearen eta Berradiskidetzearen Sariak banatu dira, eta Mediterraneoko Justuak eta Bakearen Aldeko Borrokalariak izan dira aurtongo sarituak. William Kelly gogoratu dute ekitaldi hasieran.
XIX. Bakearen eta Berradiskidetzearen Gernika Sariak ospatu dira, eta Mediterraneoko Justuak eta Bakearen Aldeko Borrokalariak izan dira aurtongo sarituak. Bakearen alde egindako lanagatik saritu dituzte erakundeak, eta sarituak “pozik” eta “eskertuta” agertu dira gaur jasotako aitorpenagaitik. William Kelly, Gernika-Lumoko enbaxadore izandakoa, gogoratuz hasi dute sari banaketako ekitaldia; minutu bateko isilunea egin dute Lizeo Antzokira hurbildutakoek.
“Bakeak ez datza soilik gerrarik ez egotea. Gizakien duintasuna eta pertsonen arteko errespetua bermatzea ere bada bakea”, azaldu du ekitaldiko aurkezle Irantzu Azpeitiak. Sari banaketetan izan dira, besteak beste, bonbardaketako lekukoak, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Malgosa, Lurralde Politiketako eta Memoria Demokratikoaren Espainiako ministro Angel Victor Torres eta nazioarteko hainbat herrietako alkateak, tartean Phorzeimekoa.
Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroñok “bakearen garrantzia” nabarmendu du “gerrak nagusi diren denbora” hauetan. Bakearen Aldeko Borrokalarien artean palestinar odezkari bat zegoela aprobetxatuz, alkateak lau eskaera egin ditu: Gazan biolentzia buka daitela, bertan goxearekin bukatu daitela, bonbardaketa gehiagorik egon ez daitela, eta gerra horren arduradunak epaituak izan daitezela.
Bakearen aldeko Soldaduak saritzearen arrazoia izan da haien helburua gatazka eta okupazioa amaitzeko behar den gizarte azpiegitura eraikitzea dela. Erakunde hori palestinar eta israeldar gudari ohiek sortutako da. Alde bietako borrokalariak elkar ezagutzeko batu ziren lehenengoz, eta etsaia zena ezagutu ostean, bakearen alde borrokatuko zuen erakundea sortzea erabaki zuten.
Taldearen ordezkari israeldarrak adierazi du bihotza errautsez beteta duela une hautean, herrialde bien arteko gerrak eraginda. “Tristezia da nagusi gure inguruan, errautsez inguratuta gaude. Hala ere, Euskal Herrian egon naizen egun hauetan esperantza berreskuratu dut; mezu bat ikasi dut zuengandik: Gogoratu bai, baina mendekurik ez”, aitortu du. Azaldu duenez, Israelen, holokaustoaren ostean, antzerako mezu bat zabaldu zuten, baina ahaztu omen dutela esan du.
“Gerra garaian, ahaztu egiten dugu aurkariak ere pertsonak direla. Umeak direla ahazten dugu, eta jaio diren tokiak ez zigun arduratu beharko. Beraien bizia dago aurretik. Sari hau jasotzeak poztasuna eskaintzen dit. Izan ere, esperantza ematen dit lehenaldia ahaztu eta bakezko etorkizun batean sinesteko”, ospatu du. Bukatzeko, eskatu du ez Palestinaren ez Israelen alde ez jartzeko, baizik eta bakearen alde.
Talde bereko ordezkari palestinarrak ere hartu du hitza ekitaldian. “Bihotza uzkurtuta eta hil diren kideen eragiten didaten tristeziatik hitz egiten dut. Gerran dauden herri guztien egoera salatzen dugu, eta bertako pertsonekiko errespetua zabaldu nahi dugu. Nazio eta etika desberdintasunak alde batera utzi eta denok batzea nahi dugu”, eskatu du.
Mediterraneoaren Justuak 2018ko Bakearen Nobel Sarirako 53 erakunde humanitariok eta merezimenduzko 14 erakunde pribatuk aurkeztutako hautagaitza bateratuaren izena da. Gobernuz kanpoko erakunde greziarrak itsasoan aurkitzen dituzten errefuxiatuei laguntzen die, eta horien artean egoten dira gaur Lizeo Antzokian saria jaso duten Stratis Valamios eta Thanassis Marmarinos.
Valamiosek sari hau jasotzeagatik sentitzen duen “ohorea” azalerazi du. Bakea eta berradiskidetzea mundu honetako osagai garrantzitsuenetarikoa direla uste du, eta denontzako etorkizun hobeago baten nahia adierazi du.
Valamiosek bere esperientzi azaldu du. Lesbos uharteko herri txiki batean bizi da. Bertako herritar asko arrantzaleak dira, eta beti errefuxiatuei laguntzeko prest daudela aitortu du. Errefuxiatuak “etorkizun hobe” baten bila etortzen direla eta, algundu egin behar zaiela eskatu du. Saria beraiek jaso badute ere, taldea osatzen duten kide guztiei esker jasotakoa dela azpimarratu du.
Espainiar ministroaren hitzak.
Sari banaketen bukaeran Torres ministroak hitz egin du. Gernika-Lumo memoria historikorako leku izendatzearen garrantzia nabarmendu du Torresek, eta herri honen historiak duen garranztia gogoratu: “Frankismoak itzelezko gezurren bidez beste errealitate bat kontatu zuen 40 urtetan zehar”, salatu du.