Bonbardaketan gertatutakoaren transmisioan izan zuen garrantzia goraipatu diote Labauriari
Jose Labauriaren "duintasuna" eta "testigantza" nabarmendu ditu Gernikazarrak, Gernika-Lumoko EAJ eta Pipergorrigaz batera alkate ohiari egindako omenaldi ekitaldian.
Gernika-Lumoko bonbardaketaren 87. urteurreneraren egunean bertan omendu du Gernikazarra Historia Taldeak Jose Labauria, bonbardaketa egunean alkate izandakoa. “Apirilaren 26a da gaur, eta urteurreneko egun hau dagokio Jose Labauriaren omenaldiari. Gerra sasoian Gernika-Lumoko alkatea izandakoa omenduko dugu, beraz. Ekitaldi hau, Gernikazarraz gain, EAJko Buru Batzarrak antolatuta dago. Gainera, gaurkoan, Labauriaren senideak ere ditugu alkate oiharen izena daraman plazan”, azaldu du historia taldeko kide Alberto Zarrabeitiak.
“Duintasuna eta testigantza”. Alkate zen bitartean Labauriak erakutsitako balio “garrantzitsu” horiek nabarmendu dituzte Gernikazarrakoek gaurko ekitaldian, urtero legez, bere bustoaren aurrean. Duintasuna aitortu diote, bere alkate zereginetan, bonbardaketa bukatu eta jarraian, kalera irten eta suteak itzaltzeko lanak zuzentzen aritu zelako. Biktimak berreskuratzen, eta bizirik atera ziren bizilagunak Bilbora eramaten ere ibili zela azaldu dute historia taldekoek. Urrutiaren esanetan, Labauria apirilaren 29ra arte geratu zen udalerrian “herrigintza lanetan”, altxatuak herrian sartu eta hori uztera behartu zuten momentura arte.
Labauriak emandako testigantzaren balioa ere nabarmendu dute, Gernika-Lumon benetan gertatu zenaren transmisioan izan zuen garrantziagatik. “Frankistek hedatutako mezuak bonbardaketarik ez zela egon eta gudariek Gernika-Lumo erre zutela zioen”, gogoratu dute. Hala, gezur horren aurrean, egia ezkutatzeko ahaleginaren aurrean, “arin eta argi” jakinarazi behar zitzaion munduari Gernika-Lumon gertatutakoa. Eta, Gernikazarrakoek esandakoaren arabera, hori egin zuen Labauriak. Maiatzaren 4an, Bilbo Irratian bere salaketa “famatua” egin zuen, benetan pasatu zena kontatuz. George Steer kazetaria, Bonifacio Etxegarai jurista, Eusebio Arronategi apaiza eta Jesus Maria Leizaola ere izan ziren alkatearekin irratian. Salaketa harek oihartzun handia izan zuen munduko egunkari askotan, eta gehitu dute hurrengo egunetan ere, nazioarteko kazetariei adierazpenak ematen aritu zela alkate ohia.
Salaketen artean, Gernikazarrak belgikar eta frantziar prentsan zabaldutako Eskutitza Munduari azalpena nabarmendu du. Azkenik, Ipar Euskal Herrian errefuxiatuta zegoelarik, 1938ko apirilean, Aita Barandiarani idatziz emandako testigantzaren garrantzia ere nabarmendu dute gaur.
Xabier Irazabal EAJko zinegotziak ere goraipatu du Labauriak historian izan duen garrantzia. Alkate ohiak bere hitza betetzen zuela gogoratu eta hurrengo alkateentzako “eredu” izan dela azpimarratu du.
Bigarren Mundu Gerra hastearekin batera, alemaniar gudarosteak Frantzia okupatu zuenean, Espainiar Estatura itzuli zen Labauria, Bidasoa ibaia ezkutupean zeharkatuz. Apaiz euskaldun baten laguntzari esker, Vigoko komentu batean errefuxiatu zen. Baina aurkitu egin zuten, atxilotu eta Bilboko Larrinaga kartzelara eraman. Bertan, hamabi urterako kartzela zigorra egotzi zioten, baina, gaixotasun larri baten ondorioz, 1945 urriaren 31an hil zen, Bilbon.
Labauriaren senitartekoek lore sorta bat eskaini diote Labauriaren bustoari, eta bertaratutakoek krabelin bat erantsi diote horri. Maiteder eta IƱaki Olanok ohorezko aurreskua eskaini dute.