Udaletxeko mastan ikurrina kokatu zuen lehenengo alkatea omendu dute
Gernikako bonbardaketa garaian Gernika-Lumoko alkate izandako Jose de Labauria omendu du udalak. Lore eskaintza, aurreskua eta abesbatza izan dira omenaldi ekitaldian.
Domeka bat zen 1937ko apirilaren 25a, eta gernika-lumotarrek imajinatu ere ez zuten egiten hurrengo egunean gertatuko zena. 87 urte beranduago, bere izena daraman plazan, omendu dute garai haretako Gernika-Lumoko alkate Jose De Labauria. Bonbardaketan benetan gertatu zenaren zabalkundean alkate ohiak izandako garrantzia goraipatu nahi izan du gaur egungo udal gobernuak. George Steer kazetari britainiarrak bezala, de Labauriak uko egin zion euskaldunek zuzendutako bonbardaketa zelaren teoria, eta irrati bidez salatu zuen frankistek zabaldu duten teoria hori. Bere “ausardia eta indarra” gogoratu dituzte, eta herriaren defentsari lehentasuna eskaini izana eskertu diote omenaldi ekitaldian.
Gaur egungo alkate Jose Mari Gorroñok gogoratu du Gernika-Lumoren “ondasun handienetakoa” dela memoria historikoa. Gertatutakoa gogoratzea ezinbestekoa izanda, garai haretako alkatea omentzea behartzat ikusten du Gorroñok. 2012an, bonbardaketatik 75 urte pasa ostean, inork ez zuen de Labauria omendu. Egoera ikusita, alkate ohia omentzeko brontzezko busto bat eskatu zuten urte horretako urtarrilean; urte horretako maiatzean kokatu zuten gaur egun Jose Labauria izena daukan plazan. Bustoaren helburua alkate ohia “omentzea eta gogoratzea” zela azaldu du. Gainera, gogoratu du garai haretako alkatea izan zela udaletxeko mastan ikurrina kokatu zuen lehenengo alkatea.
Jose de Labauriaren alabak bonbardaketaren inguruan zabaldutako testigantza ekarri du gogora Gorroñok omenaldi ekitaldian. Lehenengo bonbak jausten hasi zirenean, Deunore Laburia Konde Arana etxean zegoen sartuta, gaur egun bere aitaren omenezko bustotik hurbil dagoen etxean. “Deunore oso arduratuta zegoen ama, aita eta ahizpa nagusia nola egongo zirela jakin gabe zegoelarik. Alabak zioenaren arabera, bere buruan oso nahastuta zituen bonbardaketak iraun zituen orduak; ez zituen une haiek argi gogoratzen. Badaki bigarren orduan, gutxigorabehera, familia bizi zen eraikinean bonba bat jausi zela, eraikina suntsituz”, azaldu du alkateak. Bonbak eraikina bota zuenean, Deunore bertatik metro gutxiatara zegoen eta eraikina lurreratzen ikusi zuen. Dena bukatu zenean, izeba aurkitu zuen San Juan elizatik hurbil, eta besarkada estu batean batu ziren. Handik gutxira, aita ikusi zuen: herrenka zetorren, bi pertsonari helduta. Bonbardaketak iraun bitartean, garai haretako alkatea udaletxeko babeslekuan baestu zen, eta ingurukoak laguntzen saiatu zen, Gorroñok azaldu duenez. Mezu bat errepikatzen zuen, behin eta berriz: Frankok suntsitu du dena.
“Pentsa zenbat sentimendu bizi zituen alkateak egun haietan; zenbat sufrimentu. Hemendik, eskerrak bidaltzen dizkiogu egindako lanagaitik”, bukatu du hitzaldia Gorroñok. Ekitaldia bukatu aurretik, Maiteder eta Iñaki Olanok ohorezko aurreskua eskaini diote bustoari, eta Kruzita Etxabe eta Mari Carmen Agirrek, bonbardaketatik bizirik ateratakoek, lore eskaintza egin diote alkatearekin batera. Gure Arbola Zaharra abesbatzako abeslariek Agur Jauna abestuz itxi dute ekitaldia.