Euskararen aldeko murala margotzeko deialdia egin du Euskal Herrian Euskarazek
Zapatuan [apirilak 27] margotuko dute murala, Solluberako saihesbideko biribilgunean. Hezkuntza zentroetako ikasleek euskararen aldeko pankartak egingo dituzte.
Apirilaren 22tik 28ra Euskal Herriko bazter guztiak euskararen aldeko mezuz, pegatinaz eta margolanez atontzea da Euskal Herrian Euskaraz elkarteak antolatutako Harrotze Astea ekimenaren helburua. Euskarak bizi duen egoera “kaxkarrean” murgilduta, euskararen aldeko borrokei ikusmena ematea da ekimenaren helburua. Euskaltzaleek borrokarako “motibazioa eta ilusioa” berreskuratzea bilatzen dute elkartetik, baita herritarrei kontzientzia piztea, politizatzea eta mezu politikoei hedapena ematea ere.
Harrotze Asteagaz bat egingo dute bermeotarrek zapatuan [apirilak 27]. Aurreratu dutenez, ikastetxeetako eta institutuko ikasleek pankartak egingo dituzte, Euskaraz bizitzeko, ez gara losatik bajatuko! lelopean. Era berean, Kabidxe Kultur Etxean eta Euskaltegian “salaketarako kartel eta pegatinak” utziko dituzte, nahi duenak hartu ditzan.
Eguerdian, 12:00etan, Solluberako saihesbideko biribilgunean mural bat margoztuko dute auzolanean. “Epaitegietan duela 22 urteko egoera berdinean gaudela” salatu nahi dute antolatzaileek, eta muralagaz auzi hori jendeari azaltzea bilatuko dute. Muralean Euskaraz bizitzeko, justizia administrazio euskalduna behingoz! esaldia irudikatuko dute. Horretarako, Bermeoko herritarrei deialdia egin die zapatuan aktibatze tailerrean parte hartzeko.