Giro "ezinhobea" nagusitu da Lurgorriko bigarren eskuko azokan
Hazitoki elkartasun ekimenari laguntzeko 420 euro batu zituzten.
Lurgorri Auzo Kultur Elkarteak antolatuta, 25 salmahai jarri zituzten Lurgorriko plazan domekan [apirilak 21], eta denetariko produktuak saltzeko eta erosteko aukera izan zuten Lurgorriko bigarren eskuko azokara bertaratu zirenek. Horrez gain, Hazitoki elkartasun ekimenari laguntzeko 420 euro batu zituzten. Aurten bigarrenez erabaki dute elkartasunez jokatzea eta gizarte ekimen bat babestea, izan ere, zirkuaren bidezko gizarteratzea sustatzea bilatu dute aurten.
“Oso pozik gaude, ez genduen horrenbeste batzea espero; imajinatu ere ez genuen egiten”, adierazi dute antolatzaileek. Izan ere, aurten beste mahai solidarioa beste era batera erabaki zuten: mahaia jartzen zutenek diru ekarpena egin behar zuten, nahi zuten bestekoa, eta elkartasunez jokatu zutela nabarmendu dute arduradunek, 420 euro biltzea lortu baitzuten.
Eguraldia lagun izan zuten, eta giro polita sortu zen azokan, jendetza bertaratzea eta giro ezinhobea sortzea lortuz. “Hauteskunde eguna izanda, zalantzak izan genituen, baina pentsatu baino jende gehiago bertaratu zen, eta giro oso polita sortu zen”.
Izan ere, 11:00etan, Txitatoki zirku eskolakoen saioaz eta materialez gozatu ahal izan zuten bertaratu zirenek, zirkuko material eta tresnak probatzeko aukera izan baitzuten. Ordubete beranduago, 12:00etan, Swingtxaku taldekoek koreografia dibertigarria irakatsiko zieten dantzatzera animatu zirenei: “Azoka dinamizatu gura genuen, eta giro ezinhobea sortu zuten ekintza horiek”. Azokak iraun bitartean, gainera, hiru zozketa egin zituzten: Baserritik Gernikararen otzara bat, Txitatokikoen kamiseta eta egun bateko zirku tailerra, eta Euleukekoen jertse bat.
Auzoa “biziz” betetzea ere bada elkartekoen asmoa, eta lortu zuten; hala, lan horretan jarraituko dute aurrerantzean ere. “Beti ditugu gauzak hobetzeko, eta batzar batean ikusiko dugu hori; baina pozik gaude. Auzoari bizitasuna eman diogu, eta bigarren eskuko azoka urteroko zita bilakatu da”. Hala, esan dute dagoeneko hasiak direla sanjuanak prrestatzen.