Gernika-Lumoko sarraskitik, bakea nagusi den etorkizunaren bila
Gernika Gogoratuzek 34. Kultura eta Bakearen Jardunaldiak antolatu ditu gaur (apirilak 24) eta bihar (apirilak 25) bitartean. Elai-Alai aretoan ospatuko dira, eta besteren artean, aurkezpen ekitaldian izan da Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendari Noemi Ostolaza.
“1937ko apirilaren 26an, Kondor legio alemanak eta airezko indar italiarrek, Frankoren armadarekin lerrokatuta, Gernika-Lumo bonbardeatu zuten. Egun batzuk lehenago, Euskal Herriko beste udalerri batzuk ere suntsitu zituzten. Gernika-Lumokoa, ordea, erreferente bihurtu da herritarren aurkako erasoei dagokienez. George Steer britainiar kazetariak nazioarteko hedapena eman zion bere artikuluan egiari egindako aitortzagaz, eta Pablo Picasso artista espainiarrak sortutako margolanari esker, gerrek eragiten dituzten ondorio latzen sinbolo unibertsalean bihurtu da Gernika-Lumoko bonbardaketa”, azaldu Maria Oianguren Gernika Gogoratuzeko kideak 34. Kultura eta Bakearen Jardunaldien irekiera-ekitaldian gaur goizean [apirilak 24], Elai-Alai aretoan. Ziurrenik, HITZAko irakurleetako askok ezagutzen dute Gernika-Lumon pasatu zena. Inaugurazioan, baina, Castelloko Jaume I unibertsitatean Bakearen, Gatazken eta Garapenaren masterreko ikasleak egon dira, eta Oiangurenek beharrezkoa ikusi du haiek tetsuinguruan kokatzea.
Gernika Gogoratuzek urtez urte antolatzen dituen jardunaldiak dira kulturaren eta bakearen aldekoak. Aurtongo hasiera ekitaldian izan da Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendari Noemi Ostolaza, eta bertan egotea “ohore handia” dela aitortu du. Gernikako bonbardaketa “zorigaiztoaren” urteurrenaren tetsuinguruan antolatzen diren jardunaldiak “gure herriaren iraganari buruz hausnartzeko” balio dutela azaldu du. Ostolazaren ustez, ekimen horiek “funtsezkoak” dira bakearen eta adiskidetzaren bidetik etorkizuna eraikitzeko, eta bonbardaketa duela “hainbeste” urte gertatu arren, herritarren oroimenean “gerraren eta indarkeriaren izugarrikieriaren oroigarri gisa” izaten jarraitzen duela aitortu du. Era berean, Gernika-Lumo berreraikitzeko eta aurrera begiratzeko errautsen artetik altzatu zen herria dela nabarmendu du, “errezilentzia eta determinazioa” gogorazten dituelarik.
“Espainiako Aldizkari Ofizialak aipatzen duen ikur unibertsal izateak suposatzen duen arduraz aspalditik daude jabetuta Gernika Gogoratuzekoak, eta urtero antolatzen dituzten ekimenak dira horren adierazgarri. Zoritxarrez, gure pantailetan egunero ikusten ditugun gatazken konponbidean euren ezagutza, esperientzia eta jakintza eskaintzen digute. Jardunaldi hauen antolaketarekin herri ondarea jaso eta hori ondasun handiago bat bihurtzea bilatzen da. Alegia, bizikidetzan oinarritutako ertorkizun baten eraikuntzan behar-beharrezko aletxoa jartzea”, adierazi du Ostolazak. Gernika-Lumoko bonbardaketaren memoriak beste lorpen bat eskuratu zuen apirilaren 13an, memoria historikorako lekuko izendapenarekin. Une sinboliko honetan batzeak, elkarrizketaz eta errespetuz betetako etorkizun baten mapa “marrazteko” aukera eskaintzen duela azaldu du.
Gaurkorako (apirilak 24), hiru saio antolatu dituzte Etorkizuneko Lurraldeen Kartografiak bezala aurkeztu dituzten jardunaldietan. Goizeko lehenengoa, Bizitzarako Memoriak, Bake Eskolak Fundazioaren lehendakari Raquel Amadari eta MemoriaLab eta Afaloste proiektuaren bideratzaile Iñigo Retolazari elkarrizketa izan dira. 12:00etan, Gernika Sareko Argitalpenak ekitaldian, Latinoamerikako eta Karibeko indarkeriez hitz egin dute, besteak beste. Eta 18:00etatik 19:00etara bitartekoa, Busturialderako epe luzerako garapen ekonomikoari eta giza garapenari buruzkoa izango da.
Bihar (apirilak 25), eguerdira arte batuko dira Elai-Alai aretoan. 09:30etatik 11:30etara, isildutako ahotsen inguruko elkarrizketak egingo dituzte. 12:00etan, Johan Galtungen eta William Kellyren omenezko ekitaldia egingo dute, arteari tarte sakon bat eskainiz, eta 13:00etakoan, Israelgo militar ohiek eta Palestinako gudari ohiek 2006. urtean sortu zuten Combatans for Peace erakundeaz hitz egingo dute Souliman Khatibek eta Iris Gurek.
Barikuan, berriz, 12:00etan, Bakearen eta adiskidetzearen aldeko Gernika Sariak banatuko dituzte. Hain zuzen ere, bonbardaketaren urteurrenean, apirilaren 26ran, antolatu diren ekimen guztietan parte hartuko dute.
Gernika Gogoratuzen ibilbidea.
Gernika Gogoratuz Bakearen aldeko Ikerketa Zentroak 1987an eman zituen lehen pausuak. Urte haretan, Eusko Legebiltzarrak Gernika-Lumori lotutako hiru proposamen zabaldu zituen: faxismoaren biktimak omentzea, Gernika-Lumoko hiribildua bakearen eta demokrazioaren sinbolotzat hartzea eta bakearen aldeko ikerketa zentro bat sortzea. Azken proposamen horri esker sortu zen Gernika Gogoratuz. Lehen unetik bakearen alde egindako lanari esker, orain dela 20 urte, 2004an, Unescok bakearen alde egindako ibilbideagaitik aitortu zuen ikerketa zentroa. Gainera, Gernika-Lumoren eta Alemanairen arteko baketze prozesua goraipatu zuen, eta ondorioz, Gernika-Lumo Europako Bakearen Hiri bezala izendatu zuten.