156.863 euro batu dituzte palestinarrei laguntzeko
Dagoeneko 35.000 euro bidali dituzte Union of Agricultural Work Commitees-eko batzordeei, STOP Gaza Starvation ekimenaren baitan. Diru ekarpenen banaketaren gardentasuna bermatzeko asmoz, Jarraipen Batzordea osatu dute.
Palestinarekiko Elkartasun Aktiboa izeneko kanpainaren balantze “positiboa” egin du Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak, orain arte 156.863 euro batu dituztelako Gernika- Palestina eta Yala-Nafarroaren elkarlanaren ondorioz. “Balantze positiboa egin nahi dugu azken hilabeteotako kanpainari buruz. Izugarria izan da eragile desberdinen erantzuna auzo eta herri guztietan: oraindik Palestinaren aldeko ekimenak antolatzen ari dira eta horrela egiten jarraituko dugu guk ere”, azaldu dute ordezkariek.
Eta, esan dute, oraindik zabalik egongo direla kontu korronteak, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako zein Nafarroako udal, elkarte eta pertsona askok euren ekarpenak egiteko borondatea azaldu dutelako.
Bildutako kopuru horretatik dagoeneko 35.000 euro bidali dituzte UAWC (Union of Agricultural Work Commitees) komunitateko batzordeei, STOP Gaza Starvation ekimenaren baitan. Gehitu dute hurrengo egunetan UPWC (Union of Palestinian Women Commitees) emakumeen batzordeari beste 35.000 euro helarazio dizkiotela.
Hala, jasotako diru ekarpenen banaketaren gardentasuna bermatzeko asmoz, Jarraipen Batzordea osatu dutela jakinarazi dute, eta hurrengoek osatzen dute: ELA sindikatuko Leire Gallego eta Ioritz Iglesiasek, LABeko Kondo Saenzek, CCOOko Txetxu Rodriguez eta Oscar Arenasek, Yala Nafarroako Jaxin Viniegra eta Miriam Bravok, eta Nekane Balluerkak eta Eneko Gerrikabeitiak.