Lander Aurrekoetxea bermeotarrak irabazi du Bizkaiko Urpeko Arrantza Txapelketa
Asteburuan Zierbenan erabaki da Bizkaiko txapelketa. Txapeldunak azaldu du Zierbenan asko arrantzatu ez zuen arren, Bermeoko jardunaldian lortutako emaitzari esker izan dela garailea.
Bi asteburutan banatuta, Bermeon eta Zierbenan lehiatu dute Bizkaiko Urpeko Arrantza Txapelketa, eta bi jardunaldietako emaitzak batuta 49.371 puntu lortu eta 26 arrain arrantzatu ostean, Izaro Sub klubeko Lander Aurrekoetxea bermeotarra nagusitu da Bizkaiko txapelketan; bigarren urtez jarraian irabazten du lurraldeko lehia. Jon Mikel Bikandi Izaro Subeko urpekaria sailkatu da bigarren, 46.104 puntugaz (22 arrain), eta Ondarroako Urpekari Elkarteko Ander Bergarak osatu du podiuma, 45.687 puntugaz (23 arrain).
Bizkaiko laugarren postua Ondarroako elkarteko Jon Uskolarentzako izan da, 44.316 puntu eta 24 pieza arrantzatu ostean. Irkus Lopez de Abetxuko Izaro Subeko kidea, berriz, seigarren sailkatu da Bizkaiko txapelketan, 31.020 puntugaz (15 arrain). Emaitzekin, denek ala denek, Euskadiko Txapelketara sailkatzea lortu dute.
Bermeotarrak etxean garaipena lortu zuen, baina zaildu egin zitzaizkion lanak Zierbenan. Izan ere, 15.336 puntu lortuta eta zortzi pieza arrantzatuta seigarren postuan sailkatu zen. Lehenengoa, berriz, Bergara izan zen, 23.726 puntu (11 arrain) lortuta. Bigarren onena, berriz, Uskola izan zen, 13 arrain eta 23.102 puntu eskuratuta. Bikandi, berriz, laugarren sailkatu zen, eta Lopez de Abetxuko zortzigarren.
“Orokorrean arrain gutxi atera ziren, baldintzak onak ziren arren. Eguraldi ona egon zen, eta azken orduan haizea altxatu bazen ere, ez zen horren garrantzitsua izan”, azaldu du Aurrekoetxeak. Zehaztu zuen berari ez zitzaiola arrain asko hartzea suertatu, baina beste eguneko puntuak nahikoa izan zitzaizkion txapela eskuratzeko: “Egindako lanak emaitza onak ematea pzgarria da, beti ahalegintzen naiz nire onena ematen, irabazten. Gainera, lehenengo jardunaldian etxean irabazita, berezia da aurtengo garaikurra”.
Euskadiko Txapelketa.
Bizkaiko txapela etxean duela, maiatzaren 18an eta 19an lehiatuko du Euskadiko Urpeko Arrantza Txapelketa. Urpekaririk onenak elkartuko dira bertan, baina hori irabazteko eta Espainiako Txapelketara sailkatzeko helburuagaz uretaratuko da bermeotarra. Zaila izango dela badaki, baina saiatuko da: “Euskadiko Txapelketa irabaztea osozaila da, eta asko prestatu behar delako horretarako, baina ahaleginduko naiz”.
Beragaz batera, beste hamahiru bizkaitar eta zortzi gipuzkoar urperatuko dira irabazteko gogoz.