Herritik eta herrirako txapelketa abian da
Ajangizko X. Esku Pilota Txapelketa hasi zuten domekan [apirilak 21]. Maila handiko partiduez gozatu zuten harmailak bete zituzten ikusleek.
Ajangiz bete-betean sartu da herriko esku pilota txapelketan. Iragan domekan [apirilak 21] abiatu zuten X. ekitaldiaren lehendabiziko jardunaldia. Herriko pilotalekua ikuslez bete zen, gaurko eta biharko pilotarien jokoaz gozatzeko. 11:00etan ekin zioten lehiari. Lau kategoriatako partiduak lehiatu zituzten: benjamin, kimu, kadete eta nagusi mailetakoak.
Benjaminak kantxaratu ziren lehenengo: Urberuaga munitibartarrak eta Bustinza aulestiarrak Iza eta Arburu zeanuritarren kontra jokatu zuten. Markagailuak lehendabizikoen aldera jo zuen, 18-5 gailendu baitziren. Kimuen txanda iritsi zen jarraian; partidu estuxeagoa izan zen bigarrena. A.Goikoetxea eta Zuazo munitibartarrek E. Goikoetxea herrikidearen eta Ereño zornotzarraren aurka. Joko erakustaldiaren ostean, 18-12ko markagailuagaz nagusitu ziren lehenak.
“Kadete mailakoan, 22 tantotara jokatu zuten lehendabiziko neurketa izanda, pilotariek ez zuten kale egin”
Kadete mailako neurketa izan zen hurrengoa; Bengoetxea II.a aulestiarrak eta Goikoetxea munitibartarrak Perez sestaoarraren eta Goikoetxea gernika-lumotarraren aurka aritu ziren. Kadete mailan “kalitate jauzia” igarri zutela adierazi zuten antolatzaileek: “Bai indar aldetik, bai teknikari dagokionez, partidu polita izan zen; 22 tantotara jokatu zuten lehendabiziko neurketa izanda, pilotariek ez zuten kale egin”. Bengoetxea II.a eta Goikoetxea 22-13koagaz gailendu ziren.
Era berean, “ñabardura ugariko norgehiagoka” izan zen: “Batetik, lau udalerritako pilotariak kantxaratu ziren, herri eta kluben arteko saretzearen eredu. Bestetik, Gernika-Lumoko pilotaria, Goikoetxea, buruko ilea soilduta agertu zen; antza denez, adiskide bati minbizia atzeman diote, eta lagunek, hari elkartasuna adierazi asmoz, buruko ilea errotik moztea erabaki dute. Esku pilotak eta tankerako lehiaketa herrikoiek, kirolaz harago, asko dute elkartasunetik, herrigintzatik eta baloreen defentsatik”.
Goi mailako pilotarien trazak.
Nagusiak izan ziren Ajangizko frontoira kantxaratzen azkenak. 19-20 urte bitarteko pilotariak plazaratu ziren, profesional mailan “ateak jotzen” dabiltzanak. Ikusleek maila handiko partidua hurre-hurretik ikusi ahal izan zuten. Lizeaga astigarragarra eta Bernaola mañariarra Amiano irundarraren eta Landa oiartzundarraren kontra aritu ziren. Laurek partidu “aparta” jokatu zutela argitu dute: “Maila aldetik, edonork merezimendu osoz irabazi ahalko lukeela ikusi genuen, baina azkenean 22-16 nagusitu zen Lizeaga-Bernaola bikotea”.
Domekan bigarren jardunaldia jokatuko dute, eta hilaren 28an, artisau azokak lagunduta, finalen txanda izango da
Datorren domekan [apirilak 21] jokatuko dute txapelketaren bigarren jardunaldia. Lehendabizikoan bizitakoak “behintzat berdintzea” izango da antolakuntzaren jomuga. Final handiari dagokionez, hilaren 28an jokatuko dute. Finalak ez ezik, artisau azoka ere egongo da Ajangizen, herria jai giroan murgilduta egongo baita.