Gerra garaian, bake doinuak
Gerrak nagusi diren garai honetan, bakea aldarrikatzen duen Bakeafest kontzertua ospatu zen zapatuan (apirilak 20) Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian.
Telebista albistegietako minutu mordo hartzen dituzte gerrek. Sarraskiak dabiltza han eta hemen, eta herriak ezer gutxi egin dezake horren aurrean. Oraindik, baina, baudade bakea posible dela sinesten duten herritar asko eta asko. Sinistu ez bakarrik, bakea bilatzen dutenak ere badaude, eta hori erakutsi zuten zapatuan (apirilak 20), Lizeo Antzokian, Bakeafest kontzertuan parte hartu zutenek. Bertan izan ziren, Segundo Olaeta Musika Eskolako Banda, Andra Mari Korala eta Zigoitiko Mairu Abesbatza.
Gernikako bonbardaketaren 87. urteurrenaren ospakizunen baitan antolatutako kontzertua izan zen orkestra sinfonikoak eta abesbatzek eskainitakoa. Antolatzaileek azaldu dutenez, “sinbolismoz” beteta egon zen kontzertua izan zen. Kontzertua bi zatitan banandu zuten.
Lehenengo partean, koruak izan ziren protagonista nagusiak. Andra Mari Korala Carolina Festescuren gidaritzapean eta Mairu Abesbatza Aliona Makeevaren gidaritzapean arduratu ziren ekitaldiari hasiera emateaz. Makeevaren pianoak lagunduta, Ene Maitea, Cantante Domino, Gure Aita edo Kantauri bezalako abestiak kantatu zituzten.
Bigarren partean. instrumentuek hartu zuten kontzertuaren protagonismoa. Segundo Olaeta Musika Eskolako Bandak, Artur Sustatxaren gidaritzapean bi abesti landu zituen: Robin Hood soundtrack highlights eta The Queen of Soul.
Bukatzeko, parte hartzaile guztiak batu ziren elkarrekin abesteko. Bereziki aukeratutako bost abesti interpretatu zituzten. Horien helburua zen historiako unerik beltzenak gogoratzea, beti ere, biktimak oroituz eta bakearen aldeko mezu bat helaraziz.
Zapatukoa, Bakeafest kontzertuaren lehen ekitaldia izan zen. Kontzertuaren helburua Gerra Zibileko ondororioak pairatu zituzten herrietako artistak, musikagileak eta musika elkarteak batzea zen. Kontzertuaren bidez, Palestina,Yemen, Somalia, Sudan, Ukrainia, Siria eta edozein gerra sufritzen dabilen herrialdeei babes mezu bat bidali zieten abeslariek. Parte hartzaileek bonbardaketaren omenez antolatu diren ekitaldietan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak.