Astrako babeslekuko ateak ireki dituzte
Turismo Bulegotik irten, eta Pasealekutik pasa ostean, Astrako ibilbidean bukatuko dira babeslekua bisitatzeko antolatu diren ibilbideak.
Gernikako bonbardaketaren 87. urteurrenaren ospakizunak direla eta, Gernika-Lumoko Udalak Astrako babeslekuko ateak zabalduko ditu; bisita gidatuak egingo dira apirilaren 27tik maiatzaren 11ra bitartera. Ekimenaren helburua da “ondare historiko garrantzitsua” ezagutzera ematea, eta herriko belaunaldi berriei memoria kolektiboa transmititzea, haiek ere transmititu dezaten.
Astrako babeslekua da bonbardaketatik hobekien kontserbatu den babeslekua. Udaletik azaldu dutenez, aukera “paregabea” eskaintzen du bonbardaketaren izugarrikeria eta Gerra Zibilaren gordintasuna ulertzeko. Bisiten abiapuntua Gernika-Lumoko Turismo Bulegoan izango da. Hain justu ere, gaur egun Turismo Bulegoa kokatuta dagoen tokian zegoen beste babesleku bat: Santa Maria kalekoa. 146 metro karratu zituen, 450 pertsonentzako edukiera, eta bonbardaketa egunean beteta zegoen. Ondoren, Pasealekutik pasatuko dira bisitariak eta Astrako babeslekuan bertan bukatuko dute ibilbidea.
Bisita gidatuen kanpaina “garrantzi bereziko” testuinguru historiko batean kokatzen dela azaldu dute udaletik. Apirilaren 13an, “Memoria Demokratikoaren Leku” izendatu zuen Gernika-Lumo Espainiako Gobernuak. “Izendapen horrekin mugarri bat hautsi dugu. Mugarri horrek berretsi egiten du bonbardaketan euskal herrian izandako gertaeren aintzatespen ofiziala”, azaldu dute. Izendapena baliatuz, udalak babeslekuen estalpea estreinatzeko aprobetxatu zuen herenegun. Bisiten inguruko informazio eskuratzeko eta erreserbak egiteko, Turismo Bulegoarekin harremanetan jarri beharko dira interesatuak 94 625 58 92 telefonora deituz, edo Whatsapp bidez: 646 347 553.