50 urteak ospatzeko mendi martxa
Domekan [apirilak 28] 13 kilometrotako mendi martxa antolatu du Allende Salazarrek. Maiatzerako, goi mailako ekitaldiak dituzte antolatuta.
Ondo baino hobeto ospatuko ditu 50 urteak Allende Salazar Herri Eskolak. Ospakizunak, behintzat, ez dira faltan egongo. Oraingo honetan, mendi martxa aurkeztu dute: 13 kilometroko martxa osatuko dute ibilbidea egitera animatuko direnek. Domeka honetan jarri dute hitzordua, apirilaren 28an, Allendeko Fray Martin de Muruako sarreran– Mestika Taberna–, 09:30etan. Bertatik irtenda, Kosnoagara bidea hartungo du tropelak. Ostean, Baldatika auzora egingo dute, eta bertatik jaitsiko dira Pasealekura, martxaren aurkezpena egin duten tokira.
Allende Salazarretik “mundu guztia” gonbidatu dute domekako hitzordura. Aurreratu dutenez, ibilbidea osatzen dutenentzako jatekoa eta edatekoa eskainiko dute helmugan. Gainera, jakinarazi dute musikarekin girotuko dutela Pasealekua. Domekako ekimena Gernika-Lumoko Goizale mendi taldearekin eta Berbalagunekin elkarlanean antolatutakoa dela azaldu dute.
Datozen asteetan herritar eta inguruko pertsona askoren egutegiak hartungo dituzte Allende Salazarrek antolatutako ekintzek. Maiatzaren 10an, barikuz, ikasle eta irakasle ohien afaria antolatu dute. Deialdi arrakastatsua izan da afariarena: sarrera guztiak agortu dira, eta 650 lagun inguru batuko dira eskolako portxean. Domeka horretan, maiatzaren 12an, familiei bideratutako ikuskizun aparta deitu dute: Pirritx, Porrotx eta Marimotots etorriko dira. 11:30etan Jai Alai frontoian ikusgarri izango da “Ez gara jaitsiko!” beraien ikuskizun berria, eta oraindik sarrerak eskuratzeko aukera dago: Entradium webgunean.
Maiatzaren 18an, goi mailako egitarau batekin itxiko dituzte urtebetetze ospakizunak. Egun osorako eta publiko guztientzako egitaraua antolatu dute egun horretarako. 11:00etan hasita, umeen puzgarriak, giza futbolina, Elai-Alairen dantzaldia edo herri kirol erakustaldia izango dira. 13:30etan, Gozategiren kontzertuak sartungo ditu berotan ume, gazte zein nagusiak, eta 18:00etan Ross Dantza Eskolakoak eta skate ikastaroak izango dira, besteak beste. Gauean, kontzertuen txanda iritsiko da. Audience talde gernika-lumotarrak emango dio hasiera musika gauari. Ostean, Gatibuk jarriko du hankaz gora Pasealekua, eta Luhartz erromeria arduratuko da gerturatutakoen animoak goian mantentzeaz.