Menopausiaren konnotazio negatiboei aurre egiteko tailerra, Bermeon
Mugimendu Feministaren proposamenetik jaio da Berdintasun Sailak antolatutako 'Menopausiatik plenopausiara' tailerra. Hiru saio izango ditu eta 40 eta 55 urte bitarteko emakumeei zuzenduta dago. Gorputza Da Bidea elkarteko Ana Vallesek gidatuko du.
Bermeoko Udaleko Berdintasun Sailak Menopausiatik Plenopausiara tailerra antolatu du. Tailerra Bermeoko Mugimendu Feministaren proposamenari jarraiki sortu da, menopausiaren konnotazio negatiboei aurre egiteko helburuagaz. Aurreratu dutenez, hiru saio egongo dira, hiru astetan banatuta: apirilaren 26an, eta maiatzaren 3 eta 10ean, eta tailerra 40 eta 55 urte bitarteko emakumeei zuzenduta egongo da.
Ana Valles Renteria Gorputza Da Bidea elkarteko kideak gidatuko du tailerra, eta bi orduko saioen bitartez menopausiari “begirada positiboago batetik” begiratzen saiatuko dira: “Menopausia sasoian beste aukera batzuk zabaltzen dira, trantsizio momentu bat da”. Beraz, modu zabalago batean hartu eta sasoi horri “estigmatizazio negatiboa” kenduta begiratzea bilatuko dutela azaldu Vallesek. “Leku seguru bat sortzea da helburua. Garrantzitsua da ikuspuntu desberdinak ezagutzea, gauzak elkarbanatzen direnean ikarak ere gutxitu egiten direlako”.
Menopausiatik Plenopausiara tailerrak “metologia teoriko-praktikoa” jarrituko du, eta parte hartzea eta pertsonen arteko partekatzea bultzatzen duten dinamiketan oinarrituko da. Horrela, lehenengo saioan menopausiari buruz dauden konnotazio negatiboak , emozioak eta zalantzak landuko dituzte. Bigarren saioa, berriz, emozioetara eta rol aldaketetara bideratuta egongo da. Hirugarren eta azken saioa, bestalde, elikadura eta gorputz mugimenduagaz lotuta egongo da, menopausia osasun mentalagaz batera, “ahalik eta modurik egokienean” bideratu ahal izateko. Horretarako, tailerreko parte hartzaileek saio batetik bestera etxerako lanak izango dituztela adierazi du Vallesek.
Arantza Ormaza Tarantino Berdintasun zinegotziak 40 eta 55 urte bitarteko emakumeak tailerrean parte hartzera animatu ditu, beraientzat “interesgarria” izango delakoan. Era berean, Bermeoko Mugimendu Feministako kideei egindako proposamena eskertu die, horiek beti ongietorriak direla gogoratzeagaz batera. Ekintzak proposatu eta antolatzeko unean herritarren pare hartzea garrantzitsua dela adierazteagaz bat, Ormazak mugimendu feministaren lana goraipatu du.
Menopausiatik Planopausiara tailerrean parte hartzeko interesa dutenek aurretiaz izena eman beharko dute, bai berdintasuna@bermeo.eus helbide elektronikora idatziz, bai 688 63 84 49 telefono zenbakira deituta. Hiru saioak Gizarte eta Kultura Etxeko Gaztelekuan izango dira, barikuetan, 18:00etatik 20:00etara.