Gernika-Lumo: "Oroimenaren hiriburu"
Memoria historikorako leku izandatu dute Gernika-Lumoko lurralde urbanoa. Hori ospatzeko, Astrako babeslekura hurbildu dira Iñigo Urkullu Lehendakaria, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosa eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiria. Gernika-Lumoko Udalak Astrako babeslekuko estalpea estreinatzeko aprobetxatu du ekitaldia.
Memoria historikorako leku izendatu zuten Gernika-Lumoko lurralde urbanoa, apirilaren 13an. Espainiako Gobernuaren hasierako asmoa soilik Gernika-Lumoko Batzarretxea izendatzea zen. Horren aurrean, memoria elkarteek, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Gernika-Lumoko udalak alegazio bat aurkeztu zuten, eta onartu egin zuten. Izendapen horrekin “mugarri” bat hautsi dutela azaldu dute. Izendapen “historikoa” aprobetxatuz, Iñigo Urkullu Lehendakaria, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosa eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiria hurbildu dira Gernika-Lumora. Astrako babeslekuan ospatu da egitaraua, eta Gernika-Lumoko Udalak babeslekuko estalpe berria estreinatu du ekitaldian. Gogoratu dutenez, batu diren tokian, Astrako babeslekuan, herriko elkarteek zein udalak memoria ekitaldi mordoa antolatu dituzte.
Aste berezia da gernika-lumotarrentzat. Herriko alkate Jose Mari Gorroñok gogoratu duenez, bariku honetan 1937ko bonbardaketaren 86. urteurrena ospatuko da Gernika-Lumon. Urtez urte apirilaren 26an gogoratzen den egun haretan, Espainiako, Italiako eta Alemaniako legioek Gernika-Lumoko %85,22a suntsitu zuten, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gobernuaren esanetan, 1.654 lagunetik gora hil ziren.
1937ko apirilaren 26a Gernika-Lumorentzat zein munduarentzat “egun esanguratsua” dela azaldu du alkateak. Bonbardaketak “etxeak, ametsak eta bizitzak” suntsitu zituela salatu duen arren, gernika-lumotarrak ixilarazteko balio ez zuela goraipatu du. “Izendapen honek memoriaren eraiketa prozesua indartzen du. Memoriaren alde lan egin duten erakunde eta pertsona guztiei aitortza egiten die. Gernika-Lumo memoriaren hiri bihurtu da. Bakearekin konpromiso bat daukagu, eta indakeria nagusi izan zen iragan batetik, bakea nagusi den kultura giro batera pasa behar da. Parkatzen dugu, baina ez dugu ahazten“, adierazi du Gorroñok.
Jose Mari Gorroño: “Izendapen honek memoriaren eraiketa prozesua indartzen du. Memoriaren alde lan egin duten erakunde eta persona guztiei aitortza egiten die. Gernika-Lumo memoriaren hiri bihurtu da”.
Gorroñok azaldu duen bezala, egun haretan ehundaka lagun ezkutatu ziren Astrako babeslekuan. Francisco Garcia San Roman, bonbardaketatik bizirik atera zenetako baten lekukoaren bidez azaldu du alkateak egun haretan bizi zuten egoera. “Babesleku honetan egon zen bonbardaketaren egunean Francisco ‘Paco’ Garcia San Roman. Berarekin batera izan ziren bere ama eta anai-arrebak. Berak kontatzen zidan babeslekutik etxerako bidean zijoazela, hainbat lagun aurkitu zituztela lurrean botata. Amari galdetzen zioten zer gertatu zen, eta amak loak hartunda zeudela esaten zieten. Arrebak behin eta berriz galdetzen zuen gauza bera, eta amak beti erantzun bera: lo zeudela. Barrenkalera kalera iritsi zirenean, bizi ziren tokira, eraikina suntsituta eta sugarretan aurkitu zuten”, azaldu du Gorroñok. Otsailaren 20an zendu zen ‘Paco’, eta alkateak bera zein gainontzeko lekuko guztiak oroitu ditu, “herritarron bihotzetan” daudela esanez.
Gernika-lumotarrentzako ez bakarrik, “euskotar” guztiontzako aste “berezia” dela aitortu du Urkulluk. “Nire lehen hitzak oroitzeko eta omentzeko izango dira. Gaur, euskal herrietan bonbardaketak jasan zituzten biktima guztiei omenaldi hau zabaltzen diegu. Bidegabekerien biktimak beti gogoan. Omenaldi hau indar faxisten aurrean askatasunaren, demokraziaren eta justizia sozialaren alde bizitza eman zuten euskaldun eta euskotar guztiei ere luzatzen diegu. Agur eta ohore”, hasi du hitzaldia Lehendakariak.
Oroitzeaz eta omentzeaz gain, errekonozitzeko momentua dela esan du. Hamarkada luzeetan zehar, Gernika-Lumo bertoko zein munduko erreferente bihurtu aldera lan egiten duten guztiak errekonozitu nahi izan ditu: erakundeak, kultura taldeak, talde memorialistak, pertsona ospetsu eta anonimoentzako aitortza. Bere esantena, denen arteko elkarlanak eraman du herri hau gaur egun dagoen tokira. Gernika-Lumoren errekonozimendu eta lana 2024an ez dela hasi gogoratu du. “Egia bilatzea, oroimen kolektiboa eraikitzea, justiziaren aldarrikapena, eta biktimen erreparazioa ez da 2024an hasten. Ezta errepikapenik ez gertatzeko konpromisoa ere. Ez… hau ere ez da gaur hasten”, esan du.
Iñigo Urkullu: “Gerra eta Giza Eskubideen urraketak protagonista tristeak diren mundu batean bizi gara gaur. Egin dezagun Gernika, oroimenaren hiriburu hau, bakearen sinbolo. Gernikatik mundura: hau da gure erronka eta konpromisoa”.
“Gernika-Lumo” basakeriaren eta gerraren izugarrikeriaren mundu mailako sinboloa dela aldarrikatu du Urkulluk. Gatazka beliko batean biztanleria zibila txikitzeko gizatasunik ezaren sinboloa dela.
“Gerra eta Giza Eskubideen urraketak protagonista tristeak diren mundu batean bizi gara gaur. Egin dezagun Gernika, oroimenaren hiriburu hau, bakearen sinbolo. Gernikatik mundura: hau da gure erronka eta konpromisoa”, esanez bukatu du.
Ekitaldiarekin bukatzeko, hurbildutakoek Astrako babeslekuko historia ezagutu dute Amaia Garciaren, Gernika-Lumoko Turismo Bulegoko arduradunaren eskutik. Bisitan izan dira bonbardaketako lekuko diren Kruzita Etxabe eta Mari Carmen Agirre. Eguneko momentu unkigarriena, hain zuzen ere, beraien eskutik iritsi da. Babesleku barruan, lekuko batzuen testigantza entzuten zuten bitartean, gerturatutako lekuko biak unkitu egin dira, eta bertan egon direnei azaldu diete, 6 eta 7 urte zituztela, “etxeko giltzak bai, baina etxerik ez zutela” egun hartan. Besarkada zintzo batekin bukatu dute bisita, eta eguneko ekitaldia.