Bermeok eta Mundakak zilarrezko dominak eskuratu dituzte Euskadiko Batel Txapelketan
Atzo [apirilak 21] Pasai Donibanen jokatu zuten finala. Mundakako emakumezko haurrek eta Bermeoko gizonezko absolutuek bigarren postuak eskuratu dituzte.
Pasai Donibanek hartu du aurtengo Euskadiko Batel Txapelketa. Zapatuan [apirilak 20] sailkapen estropadak jokatu ostean, atzo [apirilak 21] finala jokatzeko sailkatu ziren Bermeo eta Mundaka.
Emakumezko haurren mailan bandera eskuratzetik gertu egon ziren mundakarrak. Ondarroa baino hiru segundo gehiago behar izan zituen Mundakak, eta 05.07,66ko denboragaz zilarrezko domina eskuratu zuten. Atzetik mutrikuarrak geratu ziren, 05.10,68ko denboragaz.
Gizonezko haurretan, ostera, hirugarren postua lortu zuten mundakarrek (04.49,42), Deustoren (04.44,22) eta Isuntzaren (04.44,54)) atzetik.
Gizonezkoen absolutuen mailan, berriz, Bermeok eskuratu zuen bigarren postua. Zierbenagaz lehian aritu ziren bermeotarrak: lehenengo ziaboga biek batera hartu zuten arren, bigarrenean lau segundoko abantaila lortu zuten Zierbenakoek. Hori horrela, Zierbenak 08.48,76ko denboragaz bandera irabazi zuen, eta Bermeok, berriz, bigarren postua (08.56,40).