Aniztasun funtzionalari buruzko diagnostikoaren bideragarritasuna aztertuko du Bermeoko Udalak
Herriko talde batzuen eskaerari erantzunez, Bermeoko Udala aniztasun funtzionalari buruzko diagnostikoa egitearen bideragarritasuna aztertzen hasi da. Horretarako, Endika Etxebarria Telleria Bermeoko Gizarte Ongizate Saileko zinegotzia Pablo Hernandez Haszten elkarteko koordinatzaile orokorragaz batzartu da.
Proiektua bideragarria balitz, Haszten Fundazioaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik etorriko litzatekela aurreratu dute. Bizkaian aniztasun funtzionala duten haurrak kirolean hastea eta jarduera fisikoa egitea bultzatzeko helburuagaz sortu zen Haszten. Geroztik hainbat kirol modalitate sustatu dituzte: izan ere, dibertsitate funtzionala duten gazteak kirol desberdinetan parte hartzera animatzen ditu Haszten elkarteak. Aurrera pausoak ematen laguntzen die taldeak, kirol talde askok eskaintzen ez dieten aukera bat emanez; zailtasun asko izaten dituzte kirola praktikatzeko.