Itzulera, garaipena eta erakustaldia
Xabier Barandika eta Unai Lekerika gernika-lumotarrek garaipen sendoa eta segurua poltsikoratu dute Ludovic Ladutxe getariarraren eta Jon 'Bullet' Zabala markina-xemeindarraren aurka, Araba Euskaraz Master Seriesaren finalaurrekoan. Barikuan [apirilak 26], Aritz Erkiaga ispastertarra eta Julen Del Rio gasteiztarra edukiko dituzte aurrez aurre finalean.
Xabier Barandika eta Unai Lekerika gernika-lumotarrek pauso sendoz hartu dute Araba Euskaraz Master Seriesa, eta txapelketaren finalean egongo dira, barikuan [apirilak 26]. Goi mailako finalaurrekoa jokatu zuten Ludovic Ladutxe getariarraren eta Jon Bullet Zabala markina-xemeindarraren aurka. Herrikide eta adiskide bikoteak ez zuen inongo aurkaririk topatu partiduan, eta uneoro norgehiagokaren kontrola eduki zuten.
Neurketaren gidalerro nagusia Barandikaren itzulera izan zen. Zortzi hilabete inguruz min harturik eta kantxetatik kanpo egon ondoren, ia-ia ezer gertatu izan ez balitzaio legez bueltatu zen lehiaketa ofizialera. Bikote gernika-lumotarra hautagai zen jokoa abian ipini orduko, eta ez zuen hutsik egin. Tantoz tanto, geroz eta sendotasun agerikoagoa bistaratu zuten, eta markagailua nagusitasun horren erakusle izan zen. Hain zuzen ere, 15-8koagaz nagusitu ziren lehendabiziko setean. Barandika, bere aldetik, eraginkortasun eta ausardia handiz sartu zen bai erremateetara, dejadetara. Lesiotik ondo berreskuratuta agertzeaz gain, maila izugarria erakutsi zuen Gernika-Lumoko aurrelariak. Partidua amaituta, Barandikak berak azpimarratu zuen sentsazio “oso onak” eduki zituela; “oso pozik” agertu zen gernika-lumotarra.
Bigarren setak lehenengoaren bide berberetik egin zuen. Lekerikak behar txukuna eta segurua egin zuen atzealdeko koadroetan, tantoak dominatuz. Barandikak, bere aldetik, tantoak borobiltzen jarraitu zuen. Hala Ladutxek, nola Zabalak ezer gutxi egin ahal izan zuten beraien aurkarien kontra. Finalerako txartela urrun samar eduki zuten partidu osoan; Barandika eta Lekerika, faborito biak, 15-7ko markagailuagaz gailendu ziren bigarren setean. Barikuan, bikote oso lehiakorra edukiko dute arerio: batetik, egungo puntistarik goi mailakoena den Aritz Erkiaga ispastertarra; bestetik, etxeko jarraitzaileen aurrean jokatuko duen Julen Del Rio gasteiztarra. Final estua eta borrokatua izateko osagai guztiak mahai gainean daude.
Aurkariek zenbait unetan estuxeago hartu zituzten arren, Ortiz de Mendibil eta Lejardi 15-10ekoagaz eta 15-12koagaz nagusitu ziren
Ortiz de Mendibil eta Lejardi, nahieran.
Emakumezkoen partiduak ere gizonezkoenen pareko dinamikei jarraitu zien. Izan ere, Maite Ortiz de Mendibil arabarrak eta Arai Lejardi markina-xemeindarrak garaipen boteretsua eskuratu zuten Elaia Gogenola berriatuarraren eta Frida Watkins zumaiarraren aurkakoan. Ikusleek partidu ederraz gozatzeko aukera eduki zuten. Ortiz de Mendibilek eta Lejardik asmo argi eta garbiagaz abiatu zuten norgehiagoka: garaipen bizkorra lortzea. Une batean, Gogenola eta Watkins markagailuan hurreratu zitzaizkien, baina 15-10 eta 15-12 nagusitu ziren bi setetan.
Ortiz de Mendibilek, ohiko legez, maila polita erakutsi zuen tantoak amaitzerakoan; hori bai, beragaz batera, Gogenola izan zen protagonista. Hain zuzen, erremateak bukatzeko abilezia erakutsi zuen Berriatuakoak. Watkinsek, ostera, txanponaren ifrentzua ezagutu zuen: ez zuen asmatu jokaldiak eroaterakoan, eta horrek akats ugari egitea ekarri zion.