Sukarrietan umeentzako udalekuak antolatuko dituzte
Urremendik antolatutako udalekuak bi adin-taldetan banatuko dira: alde batetik, 3 eta 12 artekoak; bestetik, 9 eta 14 urte bitartekoak. Izen emateko azken eguna maiatzaren 24a [barikua] izango da.
Sukarrietako Udalak gazteentzako udalekuak antolatu ditu, Urremendi Landa Garapenerako Elkartearen Gazteria zerbitzuagaz batera. Udalekuak bi adin-taldetan banatuko direla iragarri dute: alde batetik, 3 eta 12 urte bitartekoak, eta, bestetik, 9 urtetik 14 urtera artekoak. Ume zein gazteei zuzendutako ekintza ezberdinak antolatzearen ardura Axi Ekitaldiaken esku egongo da.
Izena ematen dutenak 10:00etatik 14:00etara egongo dira udalekuak, baina, aurreko urtean bezala, 09:00etatik 10:00etara zaintza zerbitzuaren aukera ere egongo da. Gaztetxoenek bost aste izango dituzte aukeran, ekainaren 24tik uztailaren 26ra. 9 urtetik 14 urtera artekoak, bestalde, bi txanda izango dituzte, uztailaren 1etik 12ra.
Udaletik adierazi dutenez, 3 eta 12 urte bitartekoen taldearen biltokia Sukarrietako Udal Ludoteka izango da, bertan hasiko baititira udalerritik gertu egingo dituzten jarduera ezberdinak. Euria egingo balu, kalera joan beharrean liburutegia eta bideogela erabiliko dituzte. Bigarren taldearena, berriz, Batzokiaren aurrean dagoen autobus geltokia, egun bakoitzeko ekintzaren arabera dagokion norabidean.
Udalekuetan izen emateko azken eguna maiatzaren 24a (barikua) izango da, eta interesa dutenek Axi Ekitaldiaken webgunearen bitartez egin ahalko dute. Edonork du izen emateko aukera, baina Sukarrietan erroldatutakoek lehentasuna izango dute. Gainerako kasuetan, familia ugariek eta izen ematearen ordena hartuko dira kontuan. Era berean, udalekuak euskara hutsean egingo direla azpimarratu dute.