'Hiruinak' antzerkia Altamirako kultur etxera helduko da
‘Hiruinak’ haurrentzako antzerkia eskainiko dute gaur [apirilak 19], 19:00etan, Busturiko Altamirako kultur etxean. A-Teatral konpainia independentearen ikuskizuna euskarazkoa da eta itzalen antzerkia da, atrezzo eta efektu bereziekin. Azucena Molina, Lourdes Conde eta Zoraide Diez dira aktore nagusiak.
Adiskidetasuna, natura eta abentura gogoa ageri dira lanean eta hiru nesken istorio polita kontatzen dute. “Nolabait, heroiak dira eta beraien herriak mehatxatzen dituen misterio bat argitu nahi dute”, azaldu dute. Hiru izateaz gain, heroiak direnez, eta ipuinak kontatzen dituztenez, ‘Hiruinak’ deitzea erabaki zuten zuzendariek.
“Hiru lagunak, haurtzarotik, beraientzat magikoa den espazio batean elkartzen dira urtero. Ipuinak, istorioak eta elezaharrak antzerki bidez kontatu eta gozatzeko biltzen dira”. Horretarako, irudimena erabiliz, eskura dituzten objektuak erabiltzen dituzte, eta eszenan hainbat teknika ikusi ahal izango dituzte ikusleek: txotxongiloak, itzalen antzerkia, marrazki bizidunak, narrazioa eta jolasak.