Zirkuaren bidezko gizarteratzea bultzatuko du Lurgorriko bigarren eskuko azokak
10:30etatik 15:00etara bitartean egongo da zabalik, domekan (apirilak 21), bigarren eskuko azoka. Bigarren urtez, elkartasun mahaia jartzea erabaki dute, eta elkartasun mahaitik lortutako irabaziak Hazitoki proiektuarentzat izango dira aurten, zirkuaren bidezko gizarteratzea bilatzeko.
Elkartasun kutsua izango du oraingoan ere, Lurgorri Auzo Kultur Elkarteak domekarako (apirilak 21) prestatu duen bigarren eskuko azokak. Bigarren urtez, elkartasun mahaia jartzea erabaki dute, eta azokan parte hartuko dutenei, mahaia hartzerakoan, diru ekarpen txiki bat egitea eskatuko diete. Ze, elkartasun mahaitik lortutako irabaziak Hazitoki proiektuarentzat izango dira, zirkuaren bidezko gizarteratzea bilatzeko, alegia.
Antolatzaileek elkartasun ekimen bat bultzatzea erabaki zuten iaz, eta aurten ere euren ekarpena egin gura dute. Hala, zirku bidezko gizarteratzea bultzatzea erabaki dute, ze, jolas eta kultura lengoaiak uztartuz, pertsona guztiak elkarrekin egotea bilatzen du Hazitokik, horien gaitasuna edozein dela ere. Hala, elkarrekin lan eginez, desgaitasuna duten pertsonak egunerokotasunaren partaide sentitzen dira, eta ingurukoek normaltasunez hartzen dituzte, norberaren esperientziatik eta bizikidetzatik ikasiz. Zehaztu dutenez, zirkuak hezkuntza integrala laguntzen du, berdintasunezko baldintzetan denen parte hartzea bermatuz, hala sexuari, nola generoari erreparatuta.
“Zirkuaren aniztasunari esker, pertsona bakoitzak berari egokitutako diziplina aurki dezake, hari ondo sentiaraztea eta bere eguneroko oztopoak gainditzen lagunduko diona, pertsonalitatearen, autobaieztapenaren eta autoestimuaren garapenari modu positiboan lagunduz”, azaldu dute Hazitokiko ordezkariek. Txitatoki Urdaibai Zirku Eskolak zazpi urte baino gehiago daramatza zirkoaren bidez gizarteratze lanak egiten. Horregatik, eskolak eskaintzen dituen saio guztietan –bai Tantai Espazioan, bai ikastetxe eta espazio publikoetan– pertsona guztiek dute lekua, euren gaitasuna edozein dela ere. “Ikasleen arteko harremanak modu normalizatuan sustatzen laguntzen dugu, era guztietako pertsonen arteko harreman maila desberdinak sortuz”.
Hori dela eta, domekako azokan, 11:00etan, Txitatoki zirku eskolakoen ikuskizunaz gozatu ahalko dute bertaratzen direnek. 12:00etan, berriz, Swingtxaku taldekoek koreografia dibertigarri bat irakatsiko diete dantzatzera animatzen direnei, eta, azokak iraun bitartean, otzara baten zozketan egingo dutela iragarri dute, beste opari batzuen artean.
Bigarren eskuko azoka Lurgorri parkean egingo dute, 10:30etik 15:00etara bitartean, eta euria egingo balu, Araba kaleko 9 eta 21 arteko arkupeetara lekualdatuko luketela jakinarazi dute.
Azokan parte hartzeko aurretiaz izena eman beharko da lurgorri.gizarteetxea@gmail.com helbide elektronikora idatzita. Gaur gaurkoz, 15 pertsonak izena eman dute: “Jendeak etxean dituen eta erabiltzen ez dituen gauzei bigarren bizitza emateko trukeak egin ahalko ditu bertan”.