Ereñok Cross Country lasterketa hartuko du
Zapatukoa [apirilak 20]Euskal Herriko Txapelketarako proba puntuagarria izango da, eta eskualdeko hainbat pilotuk parte hartuko dute, tartean, lehiara bueltatuko den Txomin Arana ereñarrak.
Ereño, besteren artean, herri motorzalea izan da. Motor lehiaketa ugari hartu izan ditu udalerriak, azken urteetan eduki ez duten arren. Baina hori aldatu da. Izan ere, datorren zapatuan [apirilak 20], Ereñoko Cross Country lasterketa egingo dute. Euskal Herriko Txapelketarako proba puntuagarria izango da, eta piloturik puntakoenak elkartuko ditu. Gernika Off-Road taldeko antolatzaileek aurreratu dutenaren arabera, 107 lagun daude, gaur-gaurkoz, izena emanda; epemuga, hain zuzen ere, gaur bertan [apirilak 18] zarratuko dute, eta 110 pilotu inguru irteera lerroan egotea espero dute. Horien artean, momentuz, hiru emakumezkoak izango dira.
Egun osoko egitaraua edukiko dute hala parte hartzaileek, nola ikusleek. Egitarau hori epizentro bitan banatuta egongo da: batetik, proba orduko ekimenak edota sari emate ekitaldia hartuko dituen Ereñoko herrigunea; bestetik, zirkuitua kokatuta dagoen Gabika auzo inguruko zirkuitua. 11:00ak eta 12:30ak bitartean, pilotuek egiaztapen teknikoak eta administratiboak egin beharko dituzte. 14:00etan, probaren antolakuntzak eta epaileek parte hartzaileekin bilera egingo dute, aintzat hartu beharreko alderdi guztiak argi eduki ditzaten. Tarte horretan, gainera, herrigunera hurreratzen direnek motorrak bertatik bertara ikusteko aukera izango dute, parke itxia egongo baita bertan.
15:00etan hasiko da lasterketa eta, gutxi gorabehera, 17:00ak arte luzatuko da
14:15ean, denak ala denak neutralizatuta, zirkuitura joango dira. Parte hartzaileek motor bana eroango dute bai aurretik, bai atzetik, Bustarrigane inguruko zirkuitura ailegatu arte. Behin bertan egonik, ibilbidea ikuskatzeko bira bat egingo dute; bira hori, baina, ez da lehiarako baliagarria izango, zirkuitua ezagutzeko baino ez baita izango. 15:00etan ekingo diote lasterketari eta, gutxi gorabehera, 17:00ak bitartean luzatuko da. Sari emate ekitaldia, azaldu dutenez, herrigunean egingo dute. Sari banaketa amaitu artean, bestalde, berriro egongo da ikusgai motorren parke itxia.
Gernika Off-Road etxeko hogei kide inguru egongo dira irteera lerroan
Aranaren itzulera.
Garaileek txapela, motorrarentzako materiala eta Mots arropa markak beren-beregi egindako motorrerako arropa jasoko dute sari. Gainera, kategoria bakoitzeko irabazleek garaikurra ere irabaziko dute; senior, gazte, beterano eta emakumezkoen kategoriak egongo direla iragarri dute. Gernika Off-Road taldeko kideak parte hartzeagaz “oso asebeteta” agertu dira, ibilbide luzeko beste lasterketa batzuek daukatenaren “pare-parean” baitago. Ez hori bakarrik: elkarteko hogei pilotu inguruk parte hartuko dute etxeko ibilbidean. Horien artean, ilusio berezia pizten duen bat dago: Txomin Arana ereñarra. Zenbait urtez lehiatik kanpo egon ostean, etxean bertan lehiatuko du Aranak, eta bera izango da lasterketaren “erakargarri nagusienetako bat”.