Gernika-Lumo memoria historikorako leku izendatu dute
Apirilaren 13ko Espiniako Aldizkari Ofizialak iragarri zuen bezala, Gernika-Lumo memoria historikorako leku izendatu dute, ofizialki. Urte askotako borrokoran ostean, Espainiako Gobernuak aitortza hori egin dio herriari. Horrez gain, "Gernika-Lumoko bonbardaketako ibilbidea" sortu dute.
Kostabakoa izan ez den arren, Gernika ofizialki memoria historikorako leku izendatu du Espainiako Gobernuak; hala baieztatzen du apirilaren 13ko Espainiako Aldizkari Ofizialean agertutako argitalpenak. Urte askotako borrokaren emaitza da izendapena. Gernika-Lumoko memoria elkarteek urteak pasa dituzte izendapen hori eskatzen, eta iaz iragarritako asmoari jarraiki, Gernika-Lumoko bonbardaketaren 87. urteurrenaren atarian iritsi da argitalpena.
2022ko irailean indarrean sartu zen Memoria Demokratikoaren Espainiako Legea izan da lorpen honen abiapuntua. Lege horren baitan, memoria historikorako leku izendatu zitezkeen tokien zerrenda bat prestatu zen. Zerrenda hori memoria elkarte desberdinek prestatutakoa izan zen, eta proposamenen artean Gernika-Lumo sartu zuten. Legeak 1936ko estatu kolpearen, 36ko gerraren, diktadura frankistaren eta erbestearen ondorioz “herritarren kontrako errepresio edo indarkeriaren gune izan diren lekuak, eraikinak, paisaiak edota kultura ondasun ez materialak” izendatzen ditu memoria historikorako leku legez.
Aurretik, baina, iazko apirilaren 26an, bonbardaketaren 86. urteurreneko egunean, Felix Bolaños Espainiako Presidentetzarako eta Memoria Demokratikorako ministroak Gernika-Lumoko Zalloko kanposantuan iragarri zuen Gernika-Lumo izango zela Espainiako Memoria Demokratikoaren Legeak aurreikusten zituen “memoria lekuetan” lehena. Egun hura, gainera, historikoa izan zen: Espainiako Gobernuak lehen aldiz bidali zuen ministro bat bonbardaketaren biktimak omentzera.
Espainiako Gobernua: “Historiaren sinboloa da Gernika-Lumo. Aniztasun kulturalaren eta linguistikoaren eredu izateaz gain, gizarteak gerretan sufritzen duena islatzen duen herria da”.
Herri osoa, izendatuta.
Bolañosek iragarritako albistea pozgarria izan zen arren, arrabotsa sortu zuen Memoria Demokratikoaren Zuzendaritza Nagusiak publikatutako espedienteak. Izan ere, Gernikako Batzarretxea soilik izendatzen zuen memoria historikorako leku. Egoera horren aurrean, Gernika-Lumoko Udalak, Bizkaiko Batzar Nagusiek, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak eta EHUk alegazioak jarri zituzten. Horiek aztertuta, Espainiako Gobernuak espedientea aldatu eta herri eremu osoa izendatu du memoria historikorako leku.
Apirilaren 13an argitaratutako Espainiako Aldizkari Ofizialak iragarri zuen martxoaren 13an adostu zela Gernika-Lumo memoria historikorako leku izendatzea, ofizialki. “Historiaren sinboloa da Gernika-Lumo. Aniztasun kulturalaren eta linguistikoaren eredu izateaz gain, gizarteak gerretan sufritzen duena islatzen duen herria da”, jasotzen du Aldizkari Ofizialean argitaratutakoak. Demokrazioaren berreskurapenean erreferente bihurtu den herria izateaz gain, “bakearen kultura indartzen” duela azpimarratzen du. Izan ere, 1937ko apirilaren 26an bere osotasunean erasotu zuten udalerria Espainiako, Italiako eta Alemaniako legioek, baina Gernika-Lumok beti egin dituela memoriaren aldeko aldarrikapenak nabarmendu dute. Gehitu dute bakearen alde borrokatu duen herria izateaz aparte, egia, justizia eta erreparazio aitortzak aldarrikatu dituelako izendatu dutela memoria historikorako leku.
Bonbardaketa erro duen ibilbidea.
Horregatik guztiagatik, Espainiako Gobernuak herri osoa izendatu du memoria historikorako leku. Horrez gain, bederatzi “geltoki” izango dituen “Gernika-Lumoko bonbardaketako ibilbidea” sortu dute. Bederatzi puntuek dute pisu historiko garrantzitsua. Lehenengoa, Gernika-Lumoko Batzarretxea da. Bonbardaketak herriko eraikinen %85 erraustu zuen arren, Gernikako Arbolak eta Batzarretxeak zutik segitu zuten.
Bigarrena, Eriako Lorategiak dira. Hori da gerrako biktimen omenez eraiki zen lehenengo monumentu publikoa, 1987koa. Izatez, Eduardo Chillidaren monumentu bat jarri nahi zen, baina astirik ez zegoenez, Jesus Aldama arkitektu gernika-lumotarraren obra jarri zuten. Nola ez, lurpeko babeslekuak ere sartu dituzte ibilbidean. 1937an herriak zituztenak: Santa Maria kalekoa, Astra, Unceta eta Talleres Gernikakoa, eta Pasealekukoa. Santa Maria kalekoa gaur egun Turismo Bulegoa dagoen tokian zegoen; 450 pertsonentzako tokia zuen eta bonbardaketa egunean beteta zegoen. Astra, Unceta eta Talleres Gernikakoak osorik geratu ziren bonbardaketan, erasotzaileek industriagune hori ez baitzuten suntsitu nahi izan. Pasealekukoa, berriz, erasotua izan zen arren, zutik jarraitu zuen, bertan egon zirenak bizirik ateratzea lortuz.
Pipergorri elkartea: “Gure elkartearentzat pozgarria da Gernikako Gerra Presoen Ospitale Militarra ondareen zerrenda honetan ikustea”.
Hurrengo geltokia, Europako Herrien Parkea da. Bertan, Euskal Herriarekin lotutako erreferentzi kulturalak aurki daitezke; bereziki, Txillida monumentuak. Bosgarren puntuan herrian zehar ikus daitezken eskulturak aipatu dituzte: Jon Iturarte Artolaren Marimeta, Nestor Basterretxearen Agonia de fuego, Labauria Plaza, Labauriaren busto alboan dagoen Lekukoak, Gerrazi Ez eta George Steeren bustoa.
Bakearen Museoa da seigarren hautaketa. Gernikako bonbardaketan errotutako museoa da, eta bonbardaketaren inguruko dokumentazioa zentro espezializatua duen eraikin bakarra da. Hurrengoa ere ikerkuntzarekin lotutakoa da: Bakearen Ikerkuntza Zentrua. Gernika Gogoratuz Fundazioaren Bakearen Ikerkuntza Zentroa 50. urteurrenean sortu zen eta memoriaren eta bakearen alde egiten du lan.
Zortzigarrena, Gerra Presoen Ospitale Militarra da. Gaur egun herriko instititutua den horretan, ospitale militarra egon zen 1938 eta 1940 artean. Azken geltokia bonbardaketako biktimen omenezko mausoleoa da, Zalloko hilerrian kokatuta dagoena; bonbardaketako eta 36ko gerrako biktimen gorpuzkinez osatutako sarkofagoa dago han.
Pipergorriren ekarpena.
Espainiako Aldizkari Ofizialiaren zapatuko argitalpenaren inguruan, Pipergorri Elkarteak irakurketa bat egin du. “Gure elkartearentzat pozgarria da Gernikako Gerra Presoen Ospitale Militarra ondareen zerrenda honetan ikustea. Izan ere, Gernika-Lumoko memoria kolektiboa eta demokratikoaren atal esanguratsua da”, adierazi dute. Era berean, mausoleoaren atalean Pipergorrik jarritako 269 Memoriala ere aipatzen dela azpimarratu dute. “Balorazio positiboa” egin dute, aipatutako gune biak memoria historiarako leku izendatu dituztelako.
Gernika-Lumoko pertsona, talde eta eragile orok borrokatzen du egia, justizia eta memoriaren alde. Izendapen hau, besteak beste, herriaren borrokari esker eman da. Beraz, argi geratu da, beste behin ere, herrian gertatutakoa inoiz ahaztu behar ez dela.