Gaurko eta biharko pilotarien plaza
X. Esku Pilota Txapelketa egingo dute Ajangizen apirilaren 21a eta maiatzaren 5a bitartean. Hainbat kategoriatako pilotariak kantxaratuko dira herriko pilotalekuan.
Apirilaren amaierak eta maiatzaren hasierak esangura berezia dauka ajangiztarrentzat: herriko esku pilota txapelketaren ailegaera. Aurten, lehiaketaren X. ekitaldia egingo dute eta, beste behin, goi mailako partaidetza egongo da. Gantzabale Elkartearen antolakuntza lantaldetik hiru jardunaldiko txapelketa antolatu dute aurten, apirilaren 21etik maiatzaren 5era bitartean.
Antolatzaileen esanetan, aurtengo ekitaldiak urteroko-urteroko zutabe biei eutsiko die: batetik, kirola, herrigintza eta aisialdia lotzen dituen giroa sustatzea; bestetik, pilotari gazteekin harrobi lana egitea. Hori horrela, benjamin mailatik nagusi mailara arteko partiduak egongo dira. Gainera, inguruko pilota elkarteekin (besteren artean, Arkupegaz eta Lea Ibarra-Motrollogaz) elkarlanean ariko dira. Ez hori bakarrik: Bizkai, Araba nahiz Nafarroa Garaiko pilotariak kantxaratuko direla aurreratu dute. Jardunaldi denak 11:00etan hasiko dira, eta “eguerdi aldera arte” luzatuko. Horrez gain, bertaratzen direnek doako sarrera edukiko dute pilotalekura eta, beraz, antolatzaileek “frontoira hurreratzeko eta giro ederraz gozatzeko deialdia” luzatu dute.
Benjamin mailatik nagusi mailara arteko kategorietakoek jokatuko dute
Apirilaren 21ean nahiz 28an, gaztetxoak izango dira jokatuko duten lehenak. Benjamin mailan, Urberuaga eta Bustinza Izaren eta Arbururen kontra ariko dira; kimu mailan, A. Goikoetxea eta Zuazo, E. Goikoetxearen eta Benitoren aurka; kadeteen artean, Bengoetxea II.a eta Goikoetxea Perezen eta Goikoetxearen aurka ariko dira. Nagusiei dagokienez, lehendabiziko jardunaldian Lizeagak eta Bernaolak osaturiko bikoteak Amianoren eta Landaren aurka neurtuko ditu indarrak.
Apirilaren 28an, bigarren jardunaldiaren txanda izango da. Benjamin mailan, Rocha-Mantzisidor bikoteak Goitia-Ordorika bikotearen kontra jokatuko du; kimuen artean, Lizar eta Bengoetxea III.a Albizuriren eta Erauzkinen aurka lehiatuko dira; kadeten mailan, Bengoetxea I.ak eta Urzelaik Garmendiaren eta Fraileren jokatuko dute. Nagusi mailan, Etxebarriak eta Apeztegiak Zubizarretaren eta Sotilen kontra jokatuko dute.
Final egunean, artisau azoka bat ere egingo dute
Final egun berezia.
Maiatzaren 5ean jokatuko dute txapelketaren azkenengo jardunaldia: final handiak. Kategoria guztietako finala egongo da, baina aurtengo ekitaldia “bestelakoa” izango da: “Final egunean, artisau azoka bat egingo dugu, herria jai giroan sartzeko prest egongo baita eta, hain zuzen ere, final eguna jai egitarauaren barruan baitago”.