Jokatu dituzte pala txapelketako lehenengo bost partiduak
32 bikotek izena eman dute Gautegiz Arteagako lehenengo pala txapelketan, eta dagoeneko jokatu dituzte lehenengo partiduak. Antolatzaileek lehenengo asteburuaren balorazio ona egin dute.
Jokatu dituzte Gautegiz Arteagako lehenengo pala txapelketako lehenengo partiduak. 32 bikotek izena eman dute lehiaketan, eta horietako batzuek zer egiteko gai diren erakutsi dute dagoeneko. Bost partida jokatu dituzte txapelketaren lehenengo asteburuan, eta balorazio ona egin dute antolatzaileek. Palari ikusgarritasuna emateko baliagarria izan da lehiaren hasiera.
Zapatuan, gomazko palako bigarren mailan, herriko Iñigo Ozamiz eta Iñaki Mintegik galdu egin dute Gorka Zabala eta Iñaki Begoñaren aurka, 13-25eko markagailuagaz. Herrikoak golpez gehiago izan zirela adierazi dute antolatzaileek, baina Sondikako Beti Galdu klubekoak huts gutxiago egin eta seguruago jokatu zuten.
Pala motzeko bigarren kategorian, Arteaga Klubeko Moises Elorduy eta Jon Urturi garaipenagaz estreinatu ziren, hamabost puntuko aldeagaz garaitu baitzituzten Bittor Arraibi eta Jon Ander Zamacona: 40-25. Hasiera berdintsua izan zen, baina 10 tantora berdindu ostean atsedena hartuta, euren jokoa hobetu zuten Elorduyk eta Urturik, eta ondo eta sendo jokatu zuten partida amaiera.
Pala motzean, beteranoetan, klubeko ordezkari Mario Ruizek ezin izan zuen garaipena lortu. Eusebio Melerogaz jokatu zuen Ander Bilbao eta Uriarteren aurka. Melerok partida ona egin zuen, baina beste bikoteak pilotarekin asmatu zuen, eta hamar tantogatik galdu zuten azkenean, 30-40 markagailuagaz.
Pala partidek ez zuten etenik izan domekan, beste bi aurrez aurrekoz gozatzeko aukera izan zuten-eta Gautegiz Arteagako frontoira bertaratu zirenek.
Gomazko palaren bigarren kategoriako beste bi partida bat jokatu zituzten. Lehenengo, Jon Loizagak eta Asier Abiñak Egoitz Espinosa eta Gurutz Bideguren izan zituzten parean. Klubeko Abiñak garaipena lortu zuen estreinako partidan, atzeko koadroetan egindako lan onari eta Loizaga aurrelariak amaitutako puntuei esker. 25 eta 13 nagusitu ziren Espinosaren eta Bidegurenen aurka.
Partida estu eta berdindu bategaz amaitu zuten txapelketako lehenengo asteburua. Unai Arrizabalaga eta Asier Gonzalez klubeko ordezkariek Iñaki Solaguren eta Iñaki Armentia zornotzarrak izan zituzten aurkari, eta, sufrituta, baina garaipena etxean geratu zen; 25-21 nagusitu ziren. Zornotzarrek joko ona erakutsi zuten, kolpe onak eskaini zituzten, baina Arrizabalagaren laguntzagaz, Gonzalezek aurrean eutsi eta garaipena eskuratzea lortu zuten.