Elantxobek bandera bat eskuratu du Bizkaiko Batel Txapelketan
Domekan [apirilak 14] Sestaon aritu ziren eskualdeko arraunlariak. Elantxobek gizonezko alebinetan bandera eskualdera ekartzeaz gain, beste hainbat mailatan lehiakor aritu dira eskualdeko arraunlariak lehenengo postua eskuratu guran.
Sestaoko uretan aritu ziren domekan (apirilak 14) Bermeoko, Mundakako eta Elantxobeko arraunlariak, Bizkaiko Batel Txapelketako lehian, eta emaitza bikainagaz bueltatu dira etxera Elantxobe Arraun Taldekoak; izan ere, gizonezkoen kategorian, alebin mailan, bandera eskualdera ekartzea lortu zuten.
Elantxobetarrek 02.36,35eko denboragaz lortu zuten gizonezkoen alebin mailako garaipena, eta kategoria horretan, hirugarren postuan sailkatu zen Bermeoko taldea, lehenengoengandik sei segundotara; 02.42,57ko denbora egin zuten podiuma eskuratzeko.
Haur mailan, emaitza bikainak lortu zituzten Mundakako Arraun Taldekoek, bai emakumezkoek, bai gizonezkoek: bigarren postuak lortu zituzten batzuek zein besteek. Emakumezkoetan, ondarrutarrak izan ziren onenak, 05.05,92ko denboragaz garaipena lortuz, eta zazpi segundora amaitu zuten estropada mundakarrek, 05.13,74ko markagaz. Kategoria berean hirugarren postuan sailkatu zen Isuntza, 05.14,58ko denbora eginda.
Gizonezkoen kategoria horretan, berriz, Isuntza izan zen onena: 04.47,48ko denboragaz bandera eskuratu zuten lekeitiarrek. Atzetik sailkatu ziren mundakarrak, segundo bakarrera: 04.48,74.
Gizonezko absolutuetan, Bermeok bigarren postua lortu zuen, Zierbena garailearengandik (08.39,54ko denbora) hamar segundora helmugaratuz; hain zuzen ere, bermeotarrek 08.50,07ko denbora egin zuten. Hirugarrenak izan ziren ondarrutarrak 08.56,35eko denboragaz.
Kadeteetan, Mundakako eta Elantxobeko taldeetako emakumezkoak bikain aritu ziren. Izan ere, hirugarren postua eskuratu zuren mundakarrek (07.51,91ko denbora), Kaikuren (07.31,46) eta Ondarroaren (07.33,83) atzetik. Kategoria horretan, elantxobetarrak bosgarren postuan gelditu ziren, lanak amaitzeko irabazleak baino 28 segundo gehiago behar izan zituztelako (08.00,08).
Beste zenbait kategoriatan ere lehiatu zuten eskualdeko arraunlariek, finalera sailkatzea lortuz. Hori horrela, laugarren postua eskuratu zuten Elantxobe Arraun Taldekoek kimu mailako kategoria mixtoan. Horiez gain, bosgarren gelditu ziren mundakarrak haur mailako kategoria mixtoan eta gizonezkoen gazte mailan. Bermeotarrek ere finalera sailkatzea lortu zuten emakume absolutuetan, bosgarren lekuan sailkatuz.