Arrakastatsua izan da Gautegiz Arteagako herri kirolen saio parte hartzailea
Herri kirolak, euskal pilota eta arrauna sustatzeko Urdaibai Gure Kirolak Sustatzen jardunaldi parte hartzaileak hartu zuen Gautegiz Arteaga domekan (apirilak 14). Herriko gazteak euskal kirol tradizionaletara hurbiltzeko saioa izan zen, sei eta hamalau urte bitartekoei zuzendutakoa, eta erabat arrakastatsua izan zela ondorioztatu du Patrik Saitua Gautegiz Arteagako alkateak.
Jendetza hurbildu zela nabarmendu du alkateak, “aurreikusitakoa baino gehiago”, eta gazte, guraso eta lagunek frontoia bete zutela gehitu du. “Parte hartzea oso altua izan zen ume, nagusi eta edade guztietako jendea bertaratu baitzen saiora”, azaldu du, eta onartu du ez zutela horrelako erantzuna espero, Sustabiz Elkartearen aurreko ekitaldian jende gutxiago bertaratu zelako. “Baina oraingoan harrigarria izan da frontoia beteta ikustea”.
Hala, bertaratu zirenek harria jasotzen probatu zuten, baita txingak eroaten, trontza ebaten eta pilotan eta zestan jokatzen ere. “Diziplina ezberdinak probatzeko aukera izan zuten herritarrek: herri kirolak, arrauna, pilota, zesta… Enara Gaminde pilotari profesionala ere bertaratu zen udalerrira, eta giro polita sortu zen”.
Herri kirolak sustatzeko garrantzitsuak dira horrelako jardunaldiak, eta horren jakitun, saio parte hartzaileen garrantzia azpimarratu du Saituak: “Futbola eta betiko kirolak egiteko eta probatzeko aukera zabala izaten da, baina ez herri kirolak probatzekoa, eta horietan trebatzekoa. Hala, horrelako ekintzen bitartez gazteak eta nagusiak herri kiroletara hurbiltzea ezinbestekoa da”.
Balorazioa “oso positiboa” egin dute, eta alkateak jakinarazi du aurtengo Lokotx Biltze txapelketa Gautegiz Arteagan jokatuko dela, San Antolin jaietan: “Urtero legez, jarriatuko dugu herri kirolak sustatzen eta horiek gure herrira ekartzen”.